Elkarlanean idatzitako mezua eraman du barnean 24. Korrikak, Atharratzen hasi eta Bilbon amaitu denak. Ez dute ausaz egin mezu kolektiboaren hautua: Euskara gara leloa izan duen Korrikan, AEKk nabarmendu du guztiak direla euskara, eta euskararen etorkizuna jokoan dagoenez, ezinbestekoa dela guztien erantzukizuna.
Zazpi gazte izan dira idazleak: Oier Iñurrieta, Oihana Arana, Elene Mengyu, Beñat Jusue, Aitzol Gil de San Vicente, Xalbat Alzugaray eta Leire Casamajou. "Euskararen pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla dira", nabarmendu du AEKk.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Atharratzen (Zuberoa) martxoaren 19an hasi zuen ibilia, eta igande eguerdian amaitu da 24. Korrika, Bilbon. Jendetzak lagundu du lekukoa amaierara arte. Eta, ohi moduan, ikusmina zegoen norena zen lekuko barruan joan den leloa.
Apustuek ez dute batere asmatu: lehenbiziko aldiz, norbanako batek idatzi beharrean, elkarlanean idatzitako testu bat izan da herriz herri eta eskuz esku hamaika egunez bidaiatu duena. Zazpi lurraldetako zazpi gaztek idatzi dute mezua: Oier Iñurrieta gasteiztarrak, Oihana Arana eskoriatzarrak, Elene Mengyu sortzez txinatar eta Barakaldon heziak, Beñat Jusue tuterarrak, Aitzol Gil de San Vicente hendaiarrak, Xalbat Alzugaray urepeldarrak eta Leire Casamajou sohütarrak.
24. Korrikako leloa Euskara gara izan denez, AEK-ren erabakiz kolektiboki idatzi da aurtengo mezua, guztiak direlako euskara. Pertsona horiek, gainera, ez dituzte "ausaz" aukeratu: "Guztiak dira euskara gaur egun, baina hainbat bide ibili dituzte horretara heltzeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso". Are, kide horiek "euskararen pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla" gisa deskribatu ditu. Euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du AEK-k, eta horregatik, ezinbestekotzat jo du guztiak euskararen parte izatea.