argia.eus
INPRIMATU
Merkel eta Macronek adostu dute 500.000 milioiko erreskate funts berri baten proposamena
  • Alemaniako kantzilerrak eta Frantziako lehendakariak adostu duten proposamen berria aurrera aterako balitz, Europar Batasuna bera izango da finantz merkatuetatik hartuko dituena 500.000 milioi euroko maileguak gero COVID-19ak gehien kaltetutako herrialdeei beren beharren arabera emateko, hau da, dirua itzuli beharko lukeena Europa izango litzatekeela eta ez herrialde bakoitza. Hala ere, Holanda, Austria, Suedia eta beste zenbait herrialdek ontzat erraz hartuko ez dutela aurreikus daiteke.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a
Emmanuel Macron eta Angela Merkel asteleheneko prentsaurreko birtualean. (Argazkia: Reuters)

Alemania eta Frantziako agintarien proposamen berriarekin koronabirusaren kalteak arintzeko diru eske Europar Batasunera joko duten herrialdeek ez dute diru hori itzuli beharrik izango, mundu mailako finantz merkatuetatik eskuratutako mailegu horien konpromisoak Europar Batasunaren aurrekontuei lotuta egongo direlako. Beraz, EBko herrialde guztien artean itzuli beharko da bilioi erdi euroko mailegu hori, esan nahi baita, ekonomiari dagokionez bakoitzak daukan tamainaren arabera. Bistakoa da proposamen honek EBko 25 herrialdeen oniritzia jasoko balu sekulako aldaketa litzateke, orain arteko krisietan behin eta berriro uko egin zaion aukera izan delako, Greziakoan urrutirago joan gabe, baina baita beste zenbaitetan ere.

Internet bidezko prentsaurrekoan Frantziako presidentearekin batera azaldu denean, Angela Merkelek esan du: "Konbentzituta gaude proposatzen dugunez ez bakarrik egokia baizik eta beharrezkoa ere badela diru funts horiek herrialdeen eskueran jartzea gero etorkizuneko Europar Batasunaren aurrekontuetatik pagatzeko. (...) Alemania eta Frantziak iniziatiba hartzeak eragina izango du Europar Batasuna barrruko iritzi publikoaren bilakaeran ere. Europar gisa jokatu behar dugu krisi honetatik onik ateratzeko".

Macronek, berriz, esan du COVID-19ak eragindako krisi hau dela "Europar Batasunarentzako une erabakigarria", blokeak pandemiaren hasieran huts egin duela elkarren arteko nahiko solidarite erakusteko garaian eta orain adostu nahi den dirutza berria bermetan mamituko dela maileguetan baino gehiago: "Garbi dagoena da 500.000 milioi horiek ez dituztela horien onuradunek itzuli beharko. Proposatzen duguna da diru transferentzia... eta hori sekulako urratsa da".

Proposamena jakin bezain fite, ordea, Austriako kantziler Sebastian Kurzek oso argi adierazi du Macron eta Merkelen proposamenak Europako iparraldeko zenbait herrialde oso kontra aurkituk dituela. Twitter bidez ohartarazi du: "Oraintxe aritu naiz gaiaz hizketan Danimarka, Herbehereak eta Suediako lehen ministroekin... (...) Guk lehengoan jarraitzen dugu. Gu prest gaude herrialde kaltetuenei laguntzeko maileguekin eta espero dugu aurrekontu eguneratuak lehentasun berriak erakutsiko dituela eta ez [zorraren] tamaina handiagotzea".