Merezimenduzko Argia Saria: Zenbat Gara elkartea

  • Bilboko Zenbat Gara elkarteak jaso du Merezimenduzko Argia Saria, Bizkaiko hiriburuan euskara bultzatzen eta biziberritzen egiten duen lan nekaezinagatik. Saria Aritz Estibezek eta Eider Del Cantok jaso dute.

Ezkerretik eskuinera, Aritz Estibez eta Eider Del Canto. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2026ko urtarrilaren 30ean - 16:36
Azken eguneraketa: 2026-03-19 12:55
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Honengatik saritu du ARGIAk Zenbat Gara elkartea:

"Euskal Herrian asko hausnartu da euskararen inguruan: gure hizkuntza zelan salbatu, horixe dugu paradigma filosofiko nagusi. Baina salbatu aurretik berpiztu eta bizi egin behar da, eta merezimenduzko gure sarituek ondo dakite hori zer den. Duela ia mende erdi ekin zioten euskara salbatzearen lehen pausoari: irakaskuntzari. Handik urte batzuetara konturatu ziren euskara irakastea ez zela nahikoa, praktikatzeko tokiak ere sortu behar zirela, ingurua aldeko ez bazuten, bederen. Orduan ekin zioten ekosistema oso bat sortzeari, euskaraz ikastea, praktikatzea eta gozatzea posible egiteari.

Egun, elkartearen eratzetik hiru hamarkadara, hamaika (zenbakiz, hamar gehi bat) ekimen sortu dituzte euskara irakastetik hasi eta euskaraz gozatzeraino heltzen direnak, ume, gazte eta helduei zuzenduta; aisialdia, umorea, jaia eta beste hamaika (asko) giro sortuta. Eta hori guztia egin behar izan zuten, lehen aipatu dugun moduan, ingurua ez zutelako lagun izan. Hori guztia Bilboren bihotzean egin baitzuten, basamorturik basamortuenean, beraien hitzetan.

Euskarari eta euskal kulturari emandako bultzadak hiriko euskalgintzaren zentro bilakatu du gaurko saritua: urtean 2.000 euskara ikasle pasatzen dira bertatik, eta bertako kultur programazioak asetzen ditu euskaltzaleen gogoak; zer esanik ez euskara hutsean aritzen den hiriko komunikabide bakarraz, elkarte mitiko honen ganbaratik emititzen duen irratiaz".

Zenbat Gara elkarteko Aritz Estibezek eta Eider Del Cantok diote sari honekin indarberrituta sentitzen direla, euren helburuak lortzeko: “Euskaldunok bigarren mailako hiritar sentitzen gara Bilbon, gure helburua da lanean jarraitzea jo eta su, kaleak hartzea, euskaldunonak ere badirelako, eta euskalgintzan dabiltzan beste eragileekin saretzea”.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...