Mercosurren aurka mobilizatu dira nekazariak: “Elikadura ez da merkantzia, Mercosur STOP”

  • Baserritarren protestak izan dira ostegun goizean Bilbon eta Gasteizen, Bizkaiko EHNE eta ENBAk eta UAGAk eta Ataca-k deituta, hurrenez hurren. Arratsaldean Iruñean manifestazioa antolatu dute UAGN eta EHNEk eta Irunen Santiago zubia moztu dute Baserritarren Bilguneak deituta.


2026ko urtarrilaren 30ean - 10:34
Traktoreak San Mamesko zabalgunean. Amaia del Pozo Viñaras / ARGIA CC-BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europako Batasunak Mercosurreko herrialdeekin sinatutako hitzarmenak sua piztu du nekazarien artean. Hainbeste, ezen, Euroganberak erabakia ez berrestea eta Justizia Auzitegira bidaltzea erabaki badu ere, nekazariek protestekin jarraitu dute akordioaren aurka. Akordioak bertako nekazaritza txiki eta ertainari kalte egingo diola eta prekarietatea eta krisi klimatikoa areagotuko direla salatzera jo dute ehunka baserritarrek Eeskal Herriko zenbait puntutatik.

“Elikadurak merkataritza askeko akordioetatik kanpo egon behar du, ez da merkantzia, oinarrizko eskubidea baizik”, adierazi du Unzalu Salterain EHNE Bizkaiko bozeramaileak San Mameseko zabalgunean egindako mobilizazioan. Bizkaia osoko dozenaka traktoreren babesean agertu da Salterain. Aipatu akordioa indarrean sartzea "eskandalu demokratikoa" litzatekeela berretsi du. Bertan bildutako traktoreek Bilboko Kale Nagusia gurutzatu eta Arriaga Antzoki parean egin dute azken geldialdia. Handik, ilaran egin dute etxera buelta.

Bide beretik joan dira Gasteizko protestak ere, eta UAGA eta Ataca sindikatuek mezu garbia bidali diote Espainiako Gobernuari: akordioaren behin-behineko ezarpenaren aurka bozkatu dezala Bruselan, eta lehen sektorea defendatu dezala. Dermatosi nodularraren izurria eta belaunaldi gazteen erreleboa izan dira protestetan aipatutako beste zenbait gai. Kezkaz mintzatu dira sindikatuetako bozeramaileak, EBk nekazariei emandako laguntza zuzenetako murrizketek datozen belaunaldiek sektorean jarraitzea oztopatzen baitute, euren hitzetan; eta izurriei dagokienean, edozein neurri ezarri aurretik sektoreari entzuteko deia egin diete.

Araban eta Bizkaian soilik ez, Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ere egon dira mobilizazioak. Irunen (Gipuzkoa) Santiago zubia moztu dute. Baserri iraunkorra, bizitza duina eta Pestizidarik gabe askoz hobe oihukatuz hogei bat lagunek Irungo Santiagoko zubia moztu dute ordu erdiz, bi norabideetako trafikoa galaraziz.

Iruñean, aldiz, arratsaldez elkartu dira nekazariak UAGN eta EHNE sindikatuen eskutik. Gogorarazi dute akordio berriak ez dituela kalitate berme berak bertako produktuentzat edo inportatuentzat. Alegia, Europak debekatu egiten dituela zenbait produktu eta materia fitosanitario, jendearengan eragina izan dezaketelako, baina Mercosurreko herrialdeetan ez dagoela horrelako debekurik, eta, hala ere, inportatuko dituztela hango produktuak. “Bi ligatan jokatzen dugu”, adierazi du Felix Bariain UAGNko kideak.

Akordioaren nondik norakoez irakurketa plazaratu du asteon Mirene Begiristain Biolurreko kideak. Hemen irakurgarri. 

 


Nekazariak kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 1
Nafarroa hegoaldeko lurraren jabetzaren inguruko borrokak
"Gora komunala eta behera lurjabeak!"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...