26 urtez negoziatzen ibili ostean sinatu dute munduko merkataritza libreko eremu handiena egi bihurtzea. Ituna ez da berehala indarrean sartuko, legebiltzarren onespenak falta baitira. Europan nekazariak kexu dira, eta Latinoamerikako sektore kritikoek salatu dute “Europako politika inperialista berria” dela.
Atzerapen askoren ostean, urtarrilaren 9an onartu zuen akordioa Europar Kontseiluak, eta larunbatean iritsi da Mercosurreko presidenteekin agerraldia, eta sinadura. Hala ere, ituna ez da berehala indarrean sartuko, Atlantikoaren alde bietan tramiteak gainditu behar baititu oraindik. Europako Parlamentuak eta Mercosurreko herrialde kide bakoitzeko parlamentuek berretsi beharko dute testua. Den den, zenbait herrialdek, Brasilek kasu, aurreikusi dute urteko bigarren seihilekorako izango dutela indarrean.
Paraguain bildu ziren Europako goi agintariak Mercosur osatzen duten herrialdeetako –Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai– presidenteekin, Lula presidenete brasildarrarekin izan ezik. Azken horren bultzada berebizikoa izan da itunaren negoziaketan, baina bera ez da Asuncioneko argazkian ageri. Lularen ordez, Mauro Vieira Brasilgo atzerri ministroa izan da sinaduran, hasieran hala adostu baitzuten herrialdeek. Hala ere, iturri batzuen arabera, Lulak atsekabea adierazi nahi izan du, ituna ez zelako aurreikusitako egunean —abenduaren 20an— eta Brasilen sinatu.
Agintariak, oro har, pozarren agertu dira itun berriarekin. Neoliberalismoaren jarraitzaile sutsuenetatik sozialdemokrazian gotortzen direnen arte. “Argi dago zeren alde egin dugun: merkataritza librea nahi dugu, ez dugu muga-zergarik nahi”, adierazi du Von der Leyen-ek, bide batez Trumpi keinu eginda. Argentinako presidente Javier Mileiren hitzetan, akordioa Mercosurren “lorpenik handiena” da; eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere “lankidetzaren” alde mintzatu zen, merkataritza-trukeaz gaindi, izaera politiko eta estrategikoa nabarmendu zuen, Ibex 35eko enpresek eskualdean dituzten interes eta negozio handiak aipatu gabe. Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak ere begi onez baloratu du sinadura. Adierazi du akordioa "aukera argia" dela euskal industriarentzat, eta muga-zergak pixkanaka kentzeak euskal enpresei kostuak "nabarmen" murriztea ekarriko diela azpimarratu du.
Merkatu librea, Europako nekazarien eta Latinoamerikako baliabideen bizkar
Hala, akordio berriak planetako merkataritza libreko gune handiena sortuko du, 700 milioi kontsumitzaile inguru biltzen ditu eta. Besteak beste, ekarriko du bi norabideetan muga zergak etetea, eta ondorioz, Europak 4.000 milioi euro aurreztuko dituela uste du. Europak industria gaiak esportatzen ditu, besteak beste, makineria, kimikoak eta farmakoak. Inportatu, berriz, azukrea, behikia, txerrikia, arroza, artoa, zitrikoak eta hegaztiak. Horregatik, Europako industriak bultzada izan dezakeen arren, lehen sektoreko langileak ez daude pozik. Haien ustez, merkataritza libreko itunaren bitartez nekazaritza “sakrifikatuko” dute, eta denbora daramate itunaren kontra protesta egiten. Gurean, ENBA eta UAGN abeltzaintza elkarteek ere arbuiatu dute akordioa.
Nekazariek jasan ditzakeen ondorioak arintzeko, EBk hainbat neurri aurreikusi ditu, besteak beste, muga zerga batzuk berehala ez desagertzea, inportatutako produktuek kontsumoaren %2 ez gainditzea, edo Hego Amerikatik datozen produktuek EBko elikadura segurtasuneko arauak betetzea.
Bitartean, protestek ez dute etenik Frantzian. Akordioaren aurka presio egin asmoz, iragan ostegunean 130 laborari inguruk, 85 traktorerekin, Dunkerqueko portua blokeatu zuten, Belgikako mugaren ondoan. Lyonen, berriz, 70 traktore baino gehiago iritsi dira hiriaren erdigunera. Eta Dijonen, herrialdearen ipar-mendebaldean, 200 nekazari inguru kalera atera dira 70 traktorerekin eta nekazaritzako beste ibilgailu batzuekin.
Europan ez ezik, akordioak eztabaida handia sortu du Latinoamerikan. Hainbat herrialdeetako sektore kritikoek adierazi dute “Europako politika inperialista berria” dela akordioa, “Europako multinazional handien alde” egiten duena, “Latinoamerikako baliabideak espoliatuz”.