Mercedes Sosa kantariaren ahotsa itzali da

  • Argentinako eta Hego Amerika osoko kantaririk maitatuenetakoa agurtu dute folklorearen jarraitzaileek. Tradizioaren abeslari berritzaileetakoa izateaz gain, erresistentziaren eta ezkerreko ideien ikur izan zen 70eko hamarkadan.


2009ko urriaren 10an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Mercedes Sosa (eu/es/fr), Hego Amerikako folklorearen ezinbesteko erreferentea, hil egin da, gibeleko gaixotasunak jota, Buenos Aireseko ospitale batean. Argentinako folkloreari zabalkundea eta berrikuntza eskaini zizkion abeslaria igandean zendu zen 74 urterekin. Ahots sopranoaren berotasunak eta emozio sakonak nabarmendu du bere kanta era.

“La Negra” Sosa (hala esaten diote maitasunez) Movimiento del Nuevo Cancionero delakoaren sortzaileetako bat izan zen, 60ko hamarkadaren hasieran, bere senarra izandako Manuel Oskar Matus musikariarekin batera. Mugimendu artistiko horrek proiekzio kontinentala eman zion folklore argentinarrari, musika herrikoia indartsu hedatzen lagundu zuen eta ikuspuntu berritzailea gehitu zion ordura arteko musika tradizionalari.

40 diskotik gorako uzta eman du Sosaren ibilbideak. 1962an kaleratu zuen bere lehen lana, “La voz de la zafra” izenekoa. Ez zuen sona handirik lortu. Hiru urte beranduago, 1965ean, Nuevo Cancionero mugimenduaren ikur bihurtuko zen diskoa argitaratu zuen, “Canciones con fundamento” eta, urte horretan, Jorge Cafrune garaiko folklore abeslari garrantzitsuenaren eskutik, Cosquíneko festibalaren taulatu gainera igo zen, Argentinako folklore ekitaldirik garrantzitsuenean.

Orduan hasi zen izena egiten eta segituan iritsi zitzaizkion AEBetatik barrena bira egiteko aukera, baita Europan zehar folklore emanaldiak eskaintzekoa ere. Hego Amerikako poeten hitzak zabaltzea lortu zuen, Violeta Parra autore txiletarraren abestiak hilezkor bihurtu zituen eta urterik hoberenak helduko zirela zirudienean, horren ordez, militarren estatu kolpea iritsi zen.

 

Ideologia aurrerakoiarekin konprometitua agertu da beti Mercedes Sosaren musika. Hala islatzen da 70eko hamarkadan kaleratu zituen “Traigo un pueblo en mi voz”, “Hasta la victoria” eta “Cantata Sudamericana” lanetan. Militarrei ez zitzaien oharkabean pasa eta erregimenak iraun zuen artean debekatuak izan ziren “La Negra”-ren diskoak. “AAA” talde paramilitarrak heriotzarekin mehatxu egin zuen, errepresioa eguneroko kontua zen, desagertuak… Hala eta guztiz ere, Mercedes Sosa Argentinan geratu zen.

Harik eta 1979an La Plata hirian kontzertua ematen hari zela militarrek kantaria bera eta publiko guztia atxilotu zuten arte. Urte horretan erbestera joan zen. Parisen bizi izan zen lehenengo, Madrilen ondoren. Eta 1982an, militarren diktadura amaitu aurretik, Argentinara itzuli zen.

Diktadurak geroz eta zailtasun handiagoak zituen erregimenari eusteko, demokraziaren aldeko ahotsek geroz eta indar gehiago zuten kaleetan eta, musikari zegokionean, bultzada jaso zuten giza eskubideen alde eta sektore baztertuen alde agertu ziren musikariek. Ez da harritzekoa, beraz, Mercedes Sosak itzuleran harrera beroa jaso izana. Berotasun horren adibide da “Mercedes Sosa en Argentina” zuzeneko diskoan grabatu zen kontzertuko giroa.

Hurrengo urteetan ibilaldiko emanaldirik garrantzitsuenak eskaini zituen Europan eta Hego Ameriketan batez ere. Argentinako beste artista askorekin elkarlanean aritzera bideratu zuen lanaren zati bat. Charly García, León Gieco edota Victor Heredia musikariekin batera, folklorea rockaren eta poparen esparrura zabaldu zuen.

 

Azken lanean, aurten kaleratu den “Cantora” diskoan Joan Manuel Serrat, Caetano Veloso, Charly García, Luis Alberto Spinetta, Fito Páez, Gustavo Cerati, Jorge Drexler, Shakira, Julieta Venegas eta Joaquín Sabinarekin batera egin du lan, besteak beste.

Kantaria ohore nazionalarekin omendu dute eta jendetza bildu da Argentinako Kongresuaren inguruetan azken agurra emateko. Mercedes Sosaren osasuna kaxkarra izan da bere biziko azken urteetan baina, zalantzarik gabe, folklore argentinarrak bizi duen une osasuntsuak zerikusi handia du hark utzitako ondarearekin.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude