Menowhasinga: menopausiaren tabutik merkantilizaziora

  • Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioterapeutak nabarmendu du lehen mailako arretatik heldu behar zaiola menopausiari, eta arretak indibidualizatua izan behar duela.


2026ko ekainaren 12an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ongizateari, zaintzari eta ahalduntzeari loturiko hizkera baliatuz, produktu arruntak menopausiarako propio sorturiko produktuak izango balira bezala saltzean datzan marketin estrategia bat da menowhasing-a. Produktu horien artean daude, besteak beste, elikadura osagarriak (magnesio bisglizinatoa, azido hialuronikoa, kolagenoa, fitoestrogenoak, K2 bitamina eta beste), kremak eta dietak. “Bat-batean hitz egiten hasi gara menopausiari buruz, merkatuak ikusi duelako hor nitxo bat dagoela. Ikusten badugu nor dagoen zabaltzen ari den informazioaren atzean, gehienak laborategi farmazeutikoak dira. Podcastak, argitalpenak, Instagram kontuak eta influencerrak dituzte, produktuak saltzeko”, dio Juncal Alzugarayk.

Fisioterapeutaren arabera, enpresa horien edukiak ez dio behar bezala erantzuten menopausia duten pertsonen beharrei. Izan ere, informazioa egon arren, “oso orokorra” da eta aldiz, pertsona bakoitzak menopausia nola bizi duen “oso pertsonala” da: “Lehen mailako arretako kontsultetan arreta indibidualizatua eman beharko litzateke. Horretarako, profesionalon erantzukizuna da ondo formatzea. Askotan, profesionalok hartzen dugun informazioa laborategi horietatik dator”.

Klimaterioari eta menopausiari loturiko hitzaldiak ematen ditu, eta etapa horien bueltan gorputzean sortzen diren aldaketen inguruko informazioa zabaltzen du. Kontatu du paziente askoren kezka izaten dela ea zein produktu diren gomendagarriagoak: “Produktuen metaketa ikaragarria da. Aurrekoan paziente berri batek kontatu zidan zenbat elikadura osagarri hartzen dituen, eta agian hogeitik gora pilula ziren”.

"Produktuen metaketa ikaragarria da. Aurrekoan paziente berri batek kontatu zidan zenbat elikadura osagarri hartzen dituen, eta agian hogeitik gora pilula ziren"

Produktu askok nabarmentzen dute zahartzearen aurkako efektu “handia” dutela, eta azala “hidratatuagoa” eta “gazteagoa” ikusten dela. Alzugarayk dioenez, gorputzean ematen diren barne aldaketei erreparatzea baino, laborategi farmazeutikoek kanpoko itxurari begiratzen diote. Horrek presio estetikoa handitzen duela dio: “Produktu horien eskaintzaren atzean beti gazte, beti ondo eta beti argal egotearen ideia dago. Presioa hor dago, baina denak ez gara argalak, indartsuak eta gazteak izango, eta hori ere ondo dago”.

Prozesu naturala

Menopausia bizitzako beste etapa bat gehiago dela dio, eta prozesua “naturala” dela. Hortaz, naturala bada, zergatik behar dira horrenbeste produktu? Alzugarayren ustez, bizi erritmoak eragin “handia” dauka: “Normalean estres handiarekin bizi gara, eta ez diogu erreparatzen gorputzak behar duenari. Agian gorputzak beste behar batzuk ditu, baina produktibitatearen gurpilean jarraitzen dugu. Horrez gain, nola elikatzen gara? Egiten dugun ariketa fisikoa nolakoa da? Behar dugulako egiten dugu ala benetan gozatzen dugulako? Psikologikoki nola gaude?”.

Aldagai horiek guztiek nerbio sisteman eragin zuzena dutela dio. Hortaz, nabarmendu du garrantzitsua dela menopausiara iristea nerbio sistema “lasai” izanik: “Normalean ez da gertatzen, eta inflamatuta bizi gara. Horrela oso zaila da prozesu natural hori naturaltasunez ematea gorputzean”.

Azkenik, aipatu du produktu horiek sortzea eta daramagun bizitza erritmoak “dudarik gabe” lotura zuzena dutela sistema kapitalistarekin.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Gorputza kanalean gehiago
2026ko ekainaren 10
Berriketa gutxi
Basatiak

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...