Mendekua alboratu eta Iparragirre berehala askatzeko eskatu dute senideek

  • Ibon Iparragirre presoaren egoera oso kritikoa dela adierazi dute, beste behin, bere senitartekoek. Bilbon egindako agerraldian, gorrotoan eta mendekuan oinarritzen diren espetxe politikek “Ibon hilko dutela” adierazi dute. Berehala aske utzi dezaten eskatu dute, gaixo larrien kasuetan egin ohi den bezala. Mobilizazioak iragarri dituzte preso gaixoen egoera salatzeko.

Etxerat, Sare, Iparra Galdu Barik plataformak eta Iparragirreren senideek hartu zuten parte agerraldian (Argazkia: Sare.eus)

2017ko urriaren 19an - 10:41

Ihesa du Iparragirrek. Ondorioz, baxuak ditu defentsak. Ohiko egoeratan, pertsonek 720-1.500 inguruko defentsa maila izaten dute. Azken urtean 50 inguruan izan ditu defentsak Iparragirrek. Iraileko mediku txostenak alarma guztiak piztu ditu: hogeira jaitsi zaizkio defentsak. “Edozein infekziok heriotza eragingo lioke”, diote senitartekoek. Hirugarren gradua “berehala” aplikatzeko eskatu dute, “beranduegi izan ez dadin neurriak hartzeko”.

Espetxe Araudiko 104.4 eta 91.3 artikuluek diote preso baten bizia arriskuan bada, kaleratua izan behar dela. Bi artikuluok Iparragirreren kasuan aplikatzeko eskatu du Sarek: “Mendekuak ezin dio legalitateari gain hartu”. Gotzon Iparragirrek, Ibon Iparragirreren anaiak, adierazi du medikuen axolagabekeriaren eta mendeku politiken ondorioz dagoela Ibon egoera honetan. Presoaren ama pasa den astean bildu zen espetxeko medikuarekin. “Beste preso bat balitz”, honezkero kalean legokeela esan zion.

Pilota elkarri pasaz

Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak baimendu behar du Iparragirreri hirugarren gradua aplikatzea; sinadura batekin nahikoa litzateke. Mediku auzia dela argudiatuta, ardura espetxeko mediku zuzendariordeari luzatzen dio. Medikuak, ordea, erabakia bere eskumenetatik kanpo dagoela dio, eta ez duela auzi honetan eskua sartu nahi. Egoeraren larritasuna ikusita, ardura elkarri helaraztea “arduragabekeriaz jokatzea” dela nabarmendu dute senideek.

Sare, Etxerat eta Iparra Galdu Baik plataformak, mobilizazioak iragarri dituzte: Ibonen egoera salatzeko eta kaleratzea eskatzeko, urriak 22an, igandean, manifestazioa egingo dute, Ondarroan. Azaroak 11n, aldiz, preso gaixoen kaleratzea eskatzeko giza-katea egingo dute Basauriko kartzelatik osasun etxera. Azkenik, presoen auziari irtenbidea emateko urtero egiten den mobilizaziorako deia zabaldu dute, urtarrilaren 13an, Bilbon.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


"Itxaropena" lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


Eguneraketa berriak daude