Mendebaldeko komunikabide handiak Palestinako genozidioa “legitimatzen” ari direla salatu du Francesca Albanesek

  • Astelehen honetan aurkeztu du Tunisiatik bideokonferentziaz Truth under the rubble: media in the time of genocide [Egia hondakinen azpian: komunikabideak genozidio garaian] txostena NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak. Palestinar kazetarien kontrako erasoez gain, Israelen zentsurak eta Mendebaldeko komunikabide handien zein plataforma numerikoen parte-hartzea ere azaleratzen ditu 32 orriko txostenean.


2026ko urriaren 28a - 22:30
Azken eguneraketa: 2026-11-02 11:42
Azken hiru urteetan 300 bat kazetari hil ditu Israelek Gazako zerrendan. Mohammed Salem
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Palestinaren eta Israelen jarraipen mediatikoan aspaldi errotutako aurreiritzi ideologikoak agerian utzi ditu genozidioak. Zein ahots entzuten den eta zein sufrimendu aitortzen den finkatzen duen sistema bat azaleratu digu". Halaxe dio Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari berezi Francesca Albanesek Truth under the rubble: media in the time of genocide [Egia hondakinen azpian: komunikabideak genozidio garaian] txostenean. Kazetariek Palestinaren kontrako genozidioan jokaturiko paperaz ari da 32 orriko lan berrian. Mediacide edo "hedabidezidio" bat martxan dela frogatzen du bere ikerketaren bidez, komunikabideen interes publikoaren funtzioa sistematikoki suntsitzen ari delako.

Kazetaritzaren esparruari mugatuta, palestinarren genozidioa posible egiten duten hiru osagai aurkeztu ditu txostenean. Batetik, Palestinako kazetariak eta gertakariak dokumentatzeko aukera ematen dieten komunikabideak "sistematikoki desagerrarazteko" joera. 2023ko urriaren 7az geroztik, 300 bat kazetari palestinar hil ditu Israelek eta horien hurbilekoak ere ditu jomugan, zehazki 700 bat senide hil dituelako. Azken hiru urteetan, ehun bat kazetari ditu preso sartu eta beste 400 bat kolpatu.

Bestetik, "Israelgo zentsura eta propaganda egituraz" ohartarazten du Albanesek, "gero eta lege errepresiboagoetan" oinarrituta dela zehazturik. Nazioarteko kazetarientzat zinez nekeza da Gazara sartzeko bidea eta, aldi berean, plataforma digitalak eta ordainpeko publizitateak erabiltzen dituzte sionistek bertako kontakizuna osatzeko. Hainbat datuk frogatzen dute baieztapen hori, tartean, 2024an Israelgo zentsura militarrak 1.635 erreportaje debekatu izanak eta beste 6.265 partzialki zentsuratu izanak. Albanesek argi du: "Edukiak erretiratzeko eskaera gehien aurkezten dituen munduko herrialdeetako bat da Israel".

Azkenik, Mendebaldeko komunikabide handiak aipatzen ditu, Israelgo kontakizunak eta egiaztatu gabeko aldarrikapenak "anplifikatzeko joeran" direla ohartarazita. Palestinarren ahotsak zokoratu eta Israelen erantzukizuna ezkutatzeko eta palestinarrenganako elkartasun adierazpenak antisemitismoarekin parekatzeko estrategia bere egin dutela salatzen du txostenean. Ahoan bilorik gabe mintzo da: "Komunikabide askok Israelen propaganda-organo gisa jokatzen dute".

Txostena egiteko, iturri publikoetan, elkarrizketetan eta 89 idatzitan oinarritu da. 


2026ko irailaren 30
Hipokresia

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.