argia.eus
INPRIMATU
“Mendebaldeko euskararen hedapena ulertzen errazagoa da sorrera Araban kokatuta”
  • Arabako euskara liburua argitaratu du Koldo Zuazok eta ondoko tesia landu du: Bizkaiera Araban sortu zela, ez Bizkaian. Berriak egindako elkarrizketatik hartu dugu pasarte hau.

2012ko martxoaren 30
Koldo Zuazo.

"Gauza berriak sortu dira hizkuntzan, eta Bizkaira, Deba ibarrera, Arabara, Goierrira, Urola aldera eta Nafarroa mendebaldeko Burunda, Amezkoa eta Lana eskualdeetara heldu dira berritasun horiek. Uste izan da Bizkaitik joan direla gauzak hara eta hona, baina oso zaila da hizkera Bizkaitik Nafarroara mugitzea. Aldiz, Arabatik hedatu zela pentsatuz gero, errazago ulertzen da hori. Bestetik, XVI. mendeko idatzietan nabari da Arabako euskara berritzaileagoa zela. Azkenik, Gasteiz zen inguruko hiri nagusia. XI. mendean sortu zuten apezpikutegia bertan. Apezpiku bat egoteak eta harresiak edukitzeak adierazten du hiri garrantzitsua zela. Bilbo aipatu izan da berrikuntza gunetzat, baina Bilboren handitasuna XIV. mendeaz geroztikoa da; ordurako, bazegoen bizkaiera".