Gaur egun handia da ARGIA egiten dugun guztiontzat. Zenbait urtetako lanaren ostean, gure ibilbide osoa biltzen duen Hemeroteka berria sareratu dugu. 1919an kaputxino euskaltzale batzuek Iruñean Zeruko Argia sortu zutenetik orain arteko aldizkari guztiak, oso-osorik daude irakurgai. Doan eta libre. Hemen kontsulta dezakezu.
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak: ehunka idazle eta kazetari pasatu dira gure etxetik, eta milaka artikulu argitaratu dira orriotan. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Orain, Hemeroteka honekin, ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu.
Milaka aldizkari: 1919an Iruñean sorturiko Zeruko Argia hilabetekaria, 1921ean Donostian abiaturiko Argia astekaria, horrek 1927an atera zuen Txistu haurrentzako lehen komikia, 1946an hasita Caracas eta New Yorken idatzitako erbesteko Argia bakanak, 1963tik aurrera berpiztutako Zeruko Argia astekaria, 1980an langileek hedabidea erosi eta Zeruko izateari utzi osteko ARGIA guztiak, Larrun hilabetekariak, TXT komikiak, Bizi Baratze Orria aldizkari bereziak, Gakoak urtekariak, Sagarrondotik gehigarria... Den-dena jarri dugu online eta bilaketak egiteko moduan.
Internetera salto egin genuen unetik erabaki genuen eduki guztiak irekian eta giltzarraporik gabe eskainiko genituela; 2012an beste urrats bat eman eta edukiak lizentzia libreekin zabaltzen hasi ginen, euskararentzat eta euskal kazetaritzarentzat estrategikoa dela iritzita. Horregatik, Creative Commons BY-SA lizentzia libreekin argitaratu dugu gure ondarea, edonork erabiltzeko libre, gure egiletza aitortu eta lizentzia berekin zabalduz gero.

ARGIA euskal astekari nazionala da eta gure kulturari ibilbide osoan zehar egin dion ekarpena ez da nolanahikoa. Horrekin lotuta, otsailean publiko egin genuen gure Fototeka, 100.000 argazki digitalizatu eta lizentzia librean denen eskura jarrita; eta orain, gauza bera egin dugu Hemerotekarekin.
Guk dena doan eskaini arren, lan hau ARGIA babesten duten milaka pertsonari esker egin ahal izan dugu. Beraz, hasteko, gure eskerrik beroena gure komunitateko kide zoragarri guztiei. Eta oraindik pausoa eman ez baina noizbait ARGIAko kide egitea planteatu dutenak, horretara animatu nahi ditugu.
Elkartasunean oinarrituriko harpidetza eredua da gurea, inor ez dadin inoiz ARGIArik gabe geratu egoera ekonomikoagatik; bakoitzak ahal duena jartzen du eta bueltan nahi duena eskatu. Beraz, oraindik harpide ez bazara, bihotzez animatu nahi zaitugu hilabetez hilabete hazten jarraitzen duen komunitate honekin bat egitera. Bota begiratua hemen.
Eskerrik asko beti hor egoteagatik, ea zer iruditzen zaizun Hemeroteka berria.
