Jaurlaritzak “ardura penalekin” mehatxatu du Ibarrako ikastola urriaren 12a lanegun izendatuz gero

  • Ibarrako Ikastolak (Gipuzkoa) Euskal Egutegiaren aldeko apustua du, baina hala eginez gero Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak “ardura penalak” jasoko zituela jakinarazi zion iragan astean. Langile, guraso nahiz ikasleen erantzuna argia izan da.

Uzturpe ikastolak deitutako auzolanean bertaratutako langile, guraso eta ikasleek ikastolako patioan egin dute aldarria. Paula Trecet

2026ko urriaren 12a - 11:54
Azken eguneraketa: 13:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Planteamendua egokitzat jo zuten Ibarrako Uzturpe langile eta familiek: aurtengo urriaren 12 lan eguna hartu eta atsedena maiatzaren 28an, ikastolen proiektuaren bultzatzaile Elbira Zipitria jaiotegunean, hain zuzen.

Urriaren 5an, baina, Uzturpeko zuzendari Itziar Saizarrek deia jaso zuen Hezkuntza Saileko ikuskaritzatik. “Jai ofizialak aldatzea delitua zela esan zidan ikuskariak. Hori gutxi ez, eta aurrera joatekotan, ardura penalak jasoko genituela berretsi zuen”, dio ibartarrak. Saizarrek “mehatxutzat” jo du Hezkuntza Sailetik jasotako mezua: “Gure proiektua kolokan jar zezakeen neurriez erantzun dute”.

Gauzak horrela, eskola komunitateak egitasmoa bertan behera uztea erabaki zuen. Jai egun honetan, alabaina, auzolana antolatu dute, eta uzturpetarrek erantzun egin dute. 200 lagun baino gehiago elkartu dira gelak txukuntzeko, paretak margotzeko, patioko bankuak konpontzeko… Lana ez da inoiz falta.

Ez da, alabaina, jardun fisiko hutsa. Bertaratutako gurasoen artean Gaizka Altuna dago. Gainontzekoek bezala, urriaren 12a  “jai arrotza” dela uste du ibartarrak. “Aukeran nahiago nuke Elbira Zipitriaren jaiotegunean jai egin, baina, argi gelditu zaigu ezin dela”, damu da Altuna.

Uzturpeko langile askok urteak eman dituzte lantokira etortzen urriaren 12an nahiz abenduaren 6an, 1978ko Espainiako Konstituzioaren egunean. Gehiengo handi bat bertaratzen zela ikusirik, bozkatzea erabaki zen orain bi urte, aldaketak egutegian ofizialki ager zitezen. “Iaz ez zen aplikatu, urriaren 12a eta abenduaren 6a asteburuan egokitu baitziren. Aurtengoan ez, eta zaplaztekoa jaso dugu Hezkuntza Sailetik”, diosku DBHko koordinatzaile Mikel Gerrikok.

Hurrengo ikasturtea dela eta, irakasleak argi du: "Guk gureari eutsiko diogu, ez besterik!".


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.