Mehatxu eta erasoak izan dira Euskal Herriko futbol zelaietan azken asteotan

  • Hernanin (Gipuzkoa) adin txikiko epaile bat erasotu dute jokalariek asteburuan; Bizkaian, Getxon istiluak izan ziren ikusleen artean, eta duela astebete baino ez, adintxikiko epaile emakume bat heriotzarekin mehatxatu zuten Basaurin.


2026ko martxoaren 30ean - 11:04
Azken eguneraketa: 12:04
Hernaniko Udala
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iragan larunbat arratsaldean, Hernanin jokatu zen futbol partidu batean, adin txikiko epaileari eraso egin zioten. Hernani eta Landetxa (Irun, Gipuzkoa) taldeen arteko partida zen, lehenengo erregional kategoriakoa. Kanpoko taldeko jokalariek norgehiagokaren azken uneetan izandako jokaldi baten ostean, epaileari oldartu zitzaizkion, birao eta mehatxu artean. Ondorioz, epaileak aldageletara egin zuen ihes eta bertan babestu zen. Bertan, jokalariek epailea mehatxatzen jarraitu zuten, eta azken horrek Ertzaintzari dei egin zion, DiarioVasco-k jakinarazi duenez.

Landetxako lehendakariak bere klubeko jokalariak defendatu ditu: "Jokalariek ez zuten epailea iraindu edo mehatxatu". Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak, berriz, gertakariak arbuiatu eta zigorrak iragarri ditu: “Zorroztasunez jokatuko dugu, indarkeriazko edozein jokabide eta gertakariren aurrean jokatzen dugun zorroztasun berarekin, eta, dagokion espedientearen ondoren, seriotasun handienarekin zigortuko dugu”.

Getxon, ezbeharra Fadura kirolgunean izan zen. Igande arratsaldean futbol partida bateko bi ikusleren arteko liskarra izan zen. Bat zauritu egin zuten, eta ondorioz, anbulantzia bertaratu behar izan zen. Ez zuten zauritua ospitalera eraman. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak argibidea ireki du eraso fisikoagatik, inplikatutako aldeetako batek salaketa jartzea erabaki zain dauden bitartean.

Asteburukoak ez dira kasu isolatuak. Izan ere, astebete baino ez da igaro Basauri BEA eta Delta Duo taldeen arteko norgehiagokan adin txikiko epaile emakumeari heriotzarekin mehatxatu eta futbolariek, entrenatzaileek eta zaleek errieta egin ziotenetik. Aldagelako atea jotzera ere iritsi ziren, epailea barruan zegoela.


Futbola kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 12
Etxekalte

2026ko martxoaren 11
Makillajea

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.