Medikuen hirugarren greba astean, Hego Euskal Herriko arduradun politikoek “kezka” adierazi dute ondorioengatik

  • Astelehenean ekin diote Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek hirugarren greba asteari. Beraien berezitasunak eta erantzukizunak aitortuko dizkien estatutu propio baten alde, maiatzaren 18tik 22ra eta ekainaren 15etik 19ra ere greba egitea aurreikusten dute. Imanol Pradales lehendakaria eta Nafarroako Gobernua “kezkatuta” azaldu dira egoerarekin eta itxaron-zerrendetan duen eraginarekin.

2025eko abenduko medikuen mobilizazioa. EITB

2026ko apirilaren 28an - 16:30
Azken eguneraketa: 18:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek hirugarren greba astea hasi dute astelehenean, apirilaren 30era arte iraungo duena. Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) eta Eskubideen Alde Batutako Medikuen Elkarteak (MUD) elkarretaratzeak egin dituzte astelehenean Donostiako (Gipuzkoa) Unibertsitate Ospitalean, Gurutzetako (Bizkaia) Unibertsitate ospitalean eta Barakaldoko (Bizkaia) Ospitalean. Espainiako Osasun Ministerioak bultzatutako estatutu markoaren aurka egin dute eta estatutu propio bat eskatzen dute, beraien lanaren berezitasuna eta erantzukizuna aitortuko dituena izan duten prestakuntza, lan eta arduraren ondoren.  

Urtarrilean burutu zuten lehen greba astea eta otsailean bigarrena. Hurrengoak maiatzaren 18tik 22ra eta ekainaren 15etik 19ra burutuko dira. CCOO, UGT, CSUF, Satse-FSES eta Cig Saúde sindikatuek osatzen dute estatu mailako negoziazio mahaia, baina LABek kanpoan gelditzea erabaki du. Langileen “nekea eta haserrea” ulertzen dituela adierazi badu ere, azaldu du ez duela grebarekin bat egin planteamenduak ez dituelako “langile guztien beharrizanak” defendatzen eta euskal erakundeek eskumena izan arren Espainia mailan kudeatu nahi dutelako. Hala ere, Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile orokorrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Radio Euskadin “erantzukizuna har dezala eta zerbait egin dezala greba amaitzeko” . 

Mónica García Espainiako Osasun ministroak bestalde, berriro ere uko egin dio medikuentzako erregulazio esklusiboa egiteari, “kohesioa hautsi eta desberdintasunak sortuko” dituelakoan. SMEk eta Nafarroako Sindikatu Medikoak (SMN) “erantzukizuna besteengan jarri duela” leporatu diote ministroari, eta Pedro Sánchez Espainiako Estatuko presidenteari erabakia “azkar har dezan” eskatu diote.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du itxaron zerrendak %50 luzatu direla medikuak grebak egiteaz gain eta “presio neurri gisa” arratsaldetan ordu estrak egiteari utzi diotelako. Kirurgiaren kasuan, esaterako, itxaron zerrendak 54 egunekoak izatetik 74koaka izatera igaro direla ziurtatu du.

Pradales, "oso kezkatuta"

Imanol Pradales “oso kezkatuta” azaldu da grebarekin Bizkaia Irratian. “Korapiloa Madrilen” dagoela adierazi du, eta itxaron zerrendak luzatzea Osasun Ministerioak gauzak “ondo ez kudeatzearen” onodrioa dela, Berria-k jaso duenez. Horregatik Garcíari arazoa konpondu arte “mahaian jarraitzeko” eskatu dio. 

Eusko Jaurlaritza medikuekin eta sindikatuekin hitz egiten ari da egoera kudeatzeko. Hala ere, EITBk jaso duenez, grebari “arrisku bat” ikusten dio: “Orain arte egindako lan guztia eta egindako hobekuntzak atzera botatzea”. 

Nafarroako Gobernua medikuekin biltzeko prest

Nafarroako Gobernua ere kezkatuta azaldu da egoerarekin. Osasunbideko medikuek greba egiteaz gain, uko egin diote arratsaldetan ordu estrak egiteari. Nafarroako Gobernuak neurria “bidezkoa” dela uste badu ere, itxaron-zerrendetan izango dituen ondorioek kezka sortu diote.

Medikuekin biltzeko asmoa azaldu du, “haien eskaerak ezagutzeko eta gure aukerek eta indarrean den araudiak uzten diguten neurrian haiei erantzuteko”.

 


Langileen eskubideak kanalean gehiago
2025eko azaroaren 26
Musu-truk

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.