Medikuek astebeteko grebara joko dute hilero Hego Euskal Herrian, estatutu propioa lortzeko

  • Otsailetik ekainera bitartean hilero-hilero astebeteko geldialdiak egingo dituzte Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek. Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa osasun langile guztientzat negoziatzen ari den estatutua bertan behera uztea, eta haien lan baldintzak hobetzea ekarriko lukeen estatu berria negoziatzea eskatu dute.

Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala

2026ko urtarrilaren 23an - 10:46
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Estatuan abiatutako dinamikaren barruan, Hego Euskal Herriko sistema publikoetako medikuek hirugarren greba aldi bati hasiera emango diotela iragarri dute. Abendu hasieran eta iragan astean egindako geldialdiei jarraipena eman, eta otsailetik ekainera bitartean hilero astebeteko grebara joko dutela jakinarazi dute. Helburuak, berberak: Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa osasun langile guztientzat negoziatzen ari den estatutua bertan behera utzi, eta haien lan baldintzak hobetzea ekarriko lukeen estatu berria negoziatzea. Gurean, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak egin dute bat greba deialdiarekin. Espainiako Estatuan ere atxikipen zabala izan du: CESM Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioa, MC Kataluniako Medikuak, O'Mega Galiziako Mediku Independenteen Sindikatua, SMA Andaluziako Medikuen Sindikatua eta Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen elkartea.

Osasunbidea eta Osakidetzako medikuek iragan asteko mobilizazioetan iragarri zuten ez zutela “greba mugagabea” egitea baztertzen, eta ostegunean iritsi da berrespena. Lehen fasea otsailetik ekainera aurreikusi dute, hilero-hilero astebeteko geldialdiekin, eta ohartarazi dute aste horiek “lehen etapa” besterik ez direla. Egunak zehaztu dituzte: otsailean, 16tik 20ra; martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean, 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra. Horrez gain, mobilizazioei hasiera emateko manifestazio bateratua egingo dute otsailaren 14an, larunbatean, Madrilen.

Medikuak ez dira pozik agertu Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa prestatzen ari den estatutuarekin, haien lanpostuek “bestelako ezaugarri batzuk” dituztelako, formazio eta ardura "bereziak" kasu. Hori dela eta, haien lanari egokitutako estatutu propioa eskatu dute. Negoziazio ahalmena ere dute aldarri. Izan ere, negoziazio mahaian medikuen ordezkari bat badago ere, ez du botoa emateko eskubiderik.

Greba Batzordea osatzen duten sindikatuek, tartean Hego Euskal Herrikoek, azpimarratu dute “elkarrizketarako prest” daudela.

Eskaera konkretuak

Medikuek hainbat eskaera zehatz mahaigaineratu dituzte. Hasteko, guardien lan-karga murriztea. Lanaldi arruntaren eta apartekoaren baturak etenik gabeko gehienezko 24 orduko lanaldia hamazazpira mugatzea. Halaber, eskatzen dute aparteko lanordu horiek borondatezkoak izatea, eta horien truke ordainsari egokiak eta bidezko konpentsazioak edo atsedenak jasotzea. Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen. Aparteko lanorduak “nahitaezkoak” dira, eta ez dira ordu arrunt gisa kontsideratzen. Ondorioz, ez diete erretirorako kontatzen, ez ordainsariei dagokienez, ez lan egindako denborari dagokionez. Bestalde, lanbideak dakarren arriskua aintzat hartzea ere eskatzen dute, etengabe kutsatze eta erradiazioaren eraginpean daudela argudiatuta, eta aitortza horri esker Gizarte Segurantzaren araubide berezi batean sartzeko.


Medikuntza kanalean gehiago
2025eko martxoaren 24
Desioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.