Meatzaritza metalikoa Latinoamerikan, ziaboga erreakzionarioaren garaietan

  • Analisi honetan, egileek aztertu dute nola eragin duen kapitalismo "berde oliba eta digitalaren" agendak Latinoamerikako herrialdeetako gobernu ugarik eskuin muturrerantz egindako biraketa politikoan; eta ondorioztatu dute, funtsean, mineral metalikoekin dagoen lehia globala dela arrazoi nagusienetakoa.

Meatzaritza metalikoak sorturiko lehia globalak berebiziko garrantzia izan du Latinoamerikako herrialdeek izandako ziaboga erreakzionarioan. Omal
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

​​Kolonbia izan da eroritako azken xake-pieza. Abelardo de la Espriella protofaxista eta ultraliberalaren garaipenak, herri honen historiaren lehendabiziko gobernu ezkertiarrari amaiera mingotsa jarri dio. Aldez aurretik, Peru, Bolivia, Honduras, Ekuador, Txile edota Argentina erori dira.

2024tik hona, eszenatoki globala asaldatzen ari den oldarraldi eskuindarraren olatura igota, hainbat gobernu-aldaketa suertatu dira Latinoamerikan; gobernu aurrerakoiak gutxiengoan utzi ditu –nahiz eta Brasilek edo Mexikok pisu espezifiko nabarmena izan–. Prozesu hau guztia Donald Trumpen esku-hartze zuzenaren bitartez egin da, bere ildopeko agintaritza otzan eta lerrokatuak ziurtatzeko asmoz.

Eskualdearen morfologia politikoaren ziaboga horrek, ondorio nabarmenak ditu maila globalean berebiziko garrantzia duten zenbait aferetan. Horietako bat, estrategikoenetakoa, meatzaritza metalikoa da.

Esparru hori, agenda hegemoniko gisa kontsolidatu den kapitalismo berde oliba eta digitalaren muinean kokatzen da. Horren barruan dauden berariazko sektore enblematikoenek (energia berriztagarriak, automobilgintza elektrikoa, bateriak, bero-ponpak, erdieroaleak, interkonexio elektrikoak, automatizazioa, adimen artifiziala, aeronautika, konplexu industrial-militarra...) mineral metalikoen bolumen oso altuak barnebiltzen dituzten heinean (litioa, kobrea, lur arraroak, kobaltoa, nikela, etab.), eskari globala gorantz bultzatzen dute.

Eskualdearen morfologia politikoaren ziaboga horrek, ondorio nabarmenak ditu maila globalean berebiziko garrantzia duten zenbait aferetan. Horietako bat, estrategikoenetakoa, meatzaritza metalikoa da

Latinoamerika estrategikoa da testuinguru horretan: litioaren hirukia Bolivia, Argentina eta Txileren artean; urrearen gerrikoa Erdialdeko Amerikan; Peru edo Txile bezalako lehen mailako meatze-potentzien kobre, urre, zilar, molibdeno edo lur arraroen erreserbak; nikela zein kobrea Brasilen zein Kolonbian.... Eta zerrenda gehiago luzatu daiteke.

Denbora luzez, eskualde horretan meatzaritza metalikoan aritu izan diren kapital nagusien jatorria, erdigune inperialista izan da: Kanada eta AEBak, batez ere. Baina txinatar jatorriko kapitalen presentzia kontsolidatu egin da azken urteotan, Peruko Las Bambas kobre-meatzean edo Argentinako litioaren industrian duen rol nabarmena dira horren adibide. Hori, herrialdearen maila globaleko nagusitasunaren islada baino ez da: lur arraroen %70 erauzten du, litioaren %56 ekoitzi, kobaltoaren eraldaketaren %50 kudeatzen du, eta grafitoaren %60 maneiatu.

Txinatar jatorriko kapitalen presentzia kontsolidatu egin da azken urteotan, Peruko Las Bambas kobre-meatzean edo Argentinako litioaren industrian duen rol nabarmena dira horren adibide

Trumpen “Donroe” doktrinak, Txinaren mineral kritikoen hornidurarekiko sarbidea eragoztea du helburu, herrialde horrek agenda berde oliba eta digitalaren industria garrantzitsuenetan daukan nagusitasuna urratzeko. Latinoamerikak eskuin muturrera egindako ziaboga, testuinguru gatazkatsu horren aurrean birkokatzeko modu bat izan da.

Hasteko, sektorean martxan zegoen agenda aurrerakoia nabarmen ahulduta gelditu da. Agenda horren helburu nagusietako da, eskualdeko herrialdeek balio-kate globalean duten posizioa hobetzeko asmoz, meatzaritza metalikoaren nazioarteko merkatuen bidez lortutako baliabideak erabiltzea, industri-eskalamenduzko estrategiak sustatzeko. Eta testuinguru horretan, aliantza publiko-pribatuari uko egin gabe, Estatuaren eta enpresa transnazionalen arteko botere-harremana neurri batean orekatzea da gakoa. Horretarako, bereziki garrantzitsua izan da meatzaritza metalikoan esku hartzeko enpresa publikoak sortzeko edota indartzeko hautua –Codelco txiletarra, edo Ecominerales kolonbiar korporazioa sortzeko proiektua–. Baita megaproiektuen gaineko fiskalizazioa partzialki indartzea, eta meatzaritza metalikoaren ustiapenaren gaineko moratoriak eta debekuak bultzatzea ere. Aldi berean, Latinoamerika mailako integrazio dinamikak indartzeko saiakera lausoak ere izan dira, baita nazioarteko aliantza politiko-ekonomikoak dibertsifikatzekoak ere.

Laburbilduta, agenda aurrerakoiak ez du erabateko eraldaketa kontra-hegemonikoa planteatu Mexiko, Brasil, Txile eta Kolonbian, eta Hego globaleko Green New Deal bat proposatu du, gehienez jota. Ez dira gai izan, beraz, meatzaritza metalikoa korporazioetatik aldentzeko behar diren eszenatokiak sortzeko

Agenda horren ahultzearekin, eskuin muturren programa drakoniarra gailenduko da: atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko politikak indartzea –Argentinako RIGI erregimena, adibidez–; enpresa publikoak ahultzea, pribatizazioa edo ezereztea –de la Espriellak iragarri du Ecominerales bertan behera geratzen dela–; megaproiektuak areagotzea, araudi sozialak edota ingurumenari eragiten dienak gutxienekora mugatuta; moratoriak eta debekuak atzera botatzea –Bukelek El Salvadorren egin bezala–; eta AEBekiko erabateko lerrokatzea, bere kapitalak lehenetsita, txinatarrei oztopoak jarrita eskualdean duten presentzia kaltetzeko –naiz eta errealitateak argi utzi duen erabat ezinezkoa zaiela herri hauei txinatar finantzaketa eta inbertsioei erabat uko egitea–.

Datorren oldarraldia klima larrialdiaren negazionismoan, merkatuekiko fede erlijiosoan, botere publikoen debaluazioan, trumpismo-arekiko lerrokatze erabatekoan eta autoritarismoan oinarritzuko da

Laburbilduta, agenda aurrerakoiak ez du erabateko eraldaketa kontra-hegemonikoa planteatu Mexiko, Brasil, Txile eta Kolonbian, eta Hego globaleko Green New Deal bat proposatu du, gehienez jota. Ez dira gai izan, beraz, meatzaritza metalikoa korporazioetatik aldentzeko behar diren eszenatokiak sortzeko. Aldi berean, onartu beharra dago gaur egun ez dela errealista meatzaritza metalikoa erabat errefusatzea, are gehiago periferia kapitalistan kokatutako herrialdeen ikuspuntutik. Eta gobernu aurrerakoiek herri-sektoreen aldeko indar-harremana hobetzera bideratutako ekimenak –Estatua eta boterea oligarkiei zuzenean lehiatzen– aintzatetsi beharra daude.

Datorren oldarraldia klima larrialdiaren negazionismoan, merkatuekiko fede erlijiosoan, botere publikoen debaluazioan, trumpismo-arekiko lerrokatze erabatekoan eta autoritarismoan oinarritzuko da, eta meatzaritza korporatiboaren kontrako erresistentzian dihardutenen zaurgarritasuna sakonduko du. Horri aurre egiteko antolatu beharra dago erantzuna, baita gurean ere, Euskal Herrian, Europan, non trantsizio ekosozialari buruzko eztabaidek gehiegitan albo batera uzten duten periferiekin batera egindako hausnarketa zintzoa.

 

* Gorka Martija eta Gonzalo Fernandez OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kideak dira.


Ekonomia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...