Otsailaren 2an hasi da LH eta DBHko matrikulazio kanpaina eta gurasoek aukeraketak egin beharko dituzte. Hasteko, esleitu behar dute zer nolako eskoletan izena eman, publikoa ala pribatua? Gure hautua, zalantzarik gabe, publikoaren alde da, baina horrek bigarren zalantza sortzen du: erlijioa bai ala ez. Berez Espainiako Estatuko eskola guztiak konkordatoaren menpe daude eta denotan ikasleak erabaki dezake erlijioa ikasi ala ez, baina pribatu askotan ezin da aukeratu, matrikulazio baldintzetan dago ezarria bai ala ez eta administrazioak, auskalo zergatik, publikoan bakarra ikuskatzen duen legea betetzen, esan bezala, publikoko gurasoak badute zer pentsatua.
Hori dela eta, guk ere zenbait puntu azaldu nahi genituzke aukera egiterakoan lagungarriak izan daitezen:
1- Erlijioan izena emateak klaseko “xelebrea” bihurtu dezake zuen umea. Matrikulazio datuek argi eta garbi adierazten dute, aurreko urteko datuak hauek dira: LHn %83,5 dira ez dutenak erlijioa aukeratzen, DBHn %86,9 eta batxilergoan %95,5.
2- Erlijioa da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen etapan aukerazko gai bakarra, beraz, hautatzen duten gurasoak kontuan hartu dezatela ikasturteko 40 ordu gutxi gorabehera umeak bere taldetik kanpo igaroko dituela, ez dugu esango horrek kohesio arazoak sortzen dituenik, baina lagundu, ez du laguntzen.
3- Gela bakoitzeko ikasle bat edo bi (edo bat ere ez) besterik ez direnez, ikastetxeen joera da mailako guztiak batera jartzea eta horrek maila osoko ordutegi osoa baldintzatzen du, zeren lehengo erlijioko orduak ezartzen dira eta gainontzekoak horren arabera banatzen baitira.
4- Esaten digute beharrezkoa dela ikasleak “bizi etika” ikastea, baina erlijioko orduetan ez dute etika ikasten, baizik eta morala (hori ez dutenean urtea pelikulak ikusten eta merendolak egiten pasatzen). Gainera, moral hori batzuetan/askotan etikaren aurkakoa da; adibidez, umeei irakasten zaienean emakumeek ez dutela gizonak adina balio edo homosexualitatea lotsatzeko gauza dela… Eta hori katolikoen kasua, pentsatuz erlijioaren oinarrizko ideologia irakasten zaiela eta ez zenbait gotzainek diotena, adibidez, etorkinei bere egoera legal bihurtzeko aukera eman zaien honetan hor ditugu bi gotzain esanez: “Ez dago guztientzako tokirik”. Etika irakastea ez da irakasle baten lana, irakasle guztiena, gurasoena eta gizarte osoarena da eta bere oinarria giza eskubideak izan behar dira.
5- Adin hauetan oraindik umeak ez dira nahiko helduak honelako esleipen sakona egiteko, bada ere fededunak gurasoak dira eta umearen eskubidearen urraketa bat. Jarraitu anabaptisten eredua eta utzi beraiei aukeratzen nahiko hazi/hezi direnean.
6- Urtean 700 miloi baino gehiago gastatzen ditugu batzuen pribilegio hau mantentzen. Bai, pribilegio bat da, eskubide bat balitz guraso guztiek (ateoek barne) izango lukete aukera bere sinesmenak (edo ezak) bere umeei ezartzeko denon diruaren kontura, zeren 700 miloi horiek denok ordaindu ditugun zergetatik ateratzen dira, baina ez da horrelakorik gertatzen; horrek demokrazian oinarrizkoa den berdintasuna zapuzten du.
Horregatik guztiagatik, gure aholkua hau da: ez matrikulatu zure umeak erlijioan.
Arantza Lekuona, Laikotasuna Kolektiboa
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.