Neguko festak, inauteriak dira maskaradak, baina pandemiak ez du hauek ospatzeko aukerarik eman azken neguan, beraz, udan emango dituzte aurten Barkoxeko gazteek, uztailaren 31n hasita.
2020ko urrian iragarri zuten, baldintzak betetzen baziren, Barkoxeko eta Atharratze-Alozeko herritarrek antolatuko zituztela 2021eko maskaradak. Aurtengoan asmoa zen bi maskarada prestatzekoa, herri bakoitzak berea. COVID-19a dela-eta ohiko inauterietako datetan ezin izan dira aurrera eraman, baina barkoxtarrek udan eta osasun neurrietara egokituta, maskaradak ospatzeko aukera ikusi dute. Horretarako, hogeita hamar bat laguneko taldea osatu dute.
Uztailaren 31n izango da lehen saioa Barkoxen bertan, eta aurreikusten dute abuztuan hainbat emanaldi egingo dituztela. Ximun Pinque barkoxtarrak eman du aurtengo udako maskaraden berri Xiberoko Botzan. Azaltzen du ez dituztela, neguan bezala, 12-15 maskarada saio antolatuko, gutxiago izango direla, eta oraindik egutegia guztiz finkatu gabe dutela.
Ez da lehen aldia Barkoxek udan ematen dituela maskaradak. 1979an bi maskarada izan ziren: negu garaian Altzürükük emanak eta udan Barkoxek. Izan ere, maskaradakarien taldea osatzeko errugbian ari ziren gazteen beharra izan zuten. Ohiko datetan txapelketa jokatzen ari ziren, eta, beraz, maskaradak jokatu ahal izan ez zituztenez, abuztura atzeratu zituzten urte hartako Barkoxeko maskaradak.