Gaueko ordu txikietan gertatu da eta gaztelaniaz "maritxu zikinak" oihukatu eta kristalezko botilak jaurti dizkiete. Iruñeko Udalak, bestalde, jakinarazi du bi pertsona atxilotu dituztela sexu erasoak egiteagatik.
Maruxak talde iruindarrak sare sozialen bidez egin du salaketa. Taldeak azaldu duenez, goizeko hirurak aldera bi gizonek eraso egin diete taldekideei eta beste biri. "Maritxu zikinak" oihukatu diete gaztelaniaz, eta kristalezko botilak jaurti dizkiete.
Taldeak ohartarazi du eraso homofoboak existitzen jarraitzen dutela eta, hortaz, eskatu du "bakoitzak zain dezala bere burua eta ingurua, denon esku dagoelako espazio seguruak sortzea".
Taldeak sare sozialen bidez partekatu du ere LGTBIfobiaren aurkako Behatokiaren kontaktua, eraso homofobo bat jasanez gero edo ikusiz gero, gertatutakoa erregistratzeko eta eraso gehiago ekiditeko zerbitzua. Behatokia Harrotu Iruñeko Udalaren kolektiboaren inguruko zerbitzuaren parte da.
Sei salaketa, eta horietatik bi atxilotuak
Iruñeko Udalak ohar bidez adierazi du sanferminetako lehen egunean sei salaketa egin dituztela Iruñeko Gaztelu plazako eraso sexistei buruzko informazio gunean. Seitik bost ukituak jasateagatik izan dira, eta bestea, aldiz, irainak jasateagatik. Ukituak egitea leporatutako bi pertsona atxilotu dituzte.
Udalaren hitzetan, sanferminetan Gaztelu plazan jartzen duten informazio gunea emakumeei eta neskei arreta eta zaintza zerbitzua eskaintzeko gunea da. Profesional espezializatuek artatzen dituzte emakumeak, eta, behar izanez gero, udalaren protokoloa aktibatzen dute, betiere konfidentzialtasunez. Lehen egunean ez dute protokoloa aktibatu behar izan, esan dutenez.