Maruxak taldeak salatu du eraso homofoboak egin dizkietela Iruñeko sanferminetan

  • Gaueko ordu txikietan gertatu da eta gaztelaniaz "maritxu zikinak" oihukatu eta kristalezko botilak jaurti dizkiete. Iruñeko Udalak, bestalde, jakinarazi du bi pertsona atxilotu dituztela sexu erasoak egiteagatik. 

Maruxak taldea. Zentral aretoa

2026ko uztailaren 8an - 09:41
Azken eguneraketa: 10:46
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Maruxak talde iruindarrak sare sozialen bidez egin du salaketa. Taldeak azaldu duenez, goizeko hirurak aldera bi gizonek eraso egin diete taldekideei eta beste biri. "Maritxu zikinak" oihukatu diete gaztelaniaz, eta kristalezko botilak jaurti dizkiete. 

Taldeak ohartarazi du eraso homofoboak existitzen jarraitzen dutela eta, hortaz, eskatu du "bakoitzak zain dezala bere burua eta ingurua, denon esku dagoelako espazio seguruak sortzea".

Taldeak sare sozialen bidez partekatu du ere LGTBIfobiaren aurkako Behatokiaren kontaktua, eraso homofobo bat jasanez gero edo ikusiz gero, gertatutakoa erregistratzeko eta eraso gehiago ekiditeko zerbitzua. Behatokia Harrotu Iruñeko Udalaren kolektiboaren inguruko zerbitzuaren parte da. 

Sei salaketa, eta horietatik bi atxilotuak

Iruñeko Udalak ohar bidez adierazi du sanferminetako lehen egunean sei salaketa egin dituztela Iruñeko Gaztelu plazako eraso sexistei buruzko informazio gunean. Seitik bost ukituak jasateagatik izan dira, eta bestea, aldiz, irainak jasateagatik. Ukituak egitea leporatutako bi pertsona atxilotu dituzte. 

Udalaren hitzetan, sanferminetan Gaztelu plazan jartzen duten informazio gunea emakumeei eta neskei arreta eta zaintza zerbitzua eskaintzeko gunea da. Profesional espezializatuek artatzen dituzte emakumeak, eta, behar izanez gero, udalaren protokoloa aktibatzen dute, betiere konfidentzialtasunez. Lehen egunean ez dute protokoloa aktibatu behar izan, esan dutenez.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...