Martxoaren 3ko “errepresio bortitza” judizialki aitortzeko prozedura abiatu du Arabako Fiskaltzak

  • Espainiar Estatuko Fiskaltza Nagusiaren babesarekin abiatu du prozedura Arabako Fiskaltzak. Bere esanetan, 1976ko martxoaren 3ko biktimen aitortza eta erreparazioan aurrera egiteko bidea irekitzea du helburu. Martxoak 3 elkarteak adierazi du beren aldarrikapenak haratago badoaz ere ”ongi etorria” litzatekeela “egia judiziala”.

Sarraskiaren 50 . urteurreneko manifestazioa Gasteizen. Urko Apaolaza / ARGIA CC BY SA

2026ko urriaren 15 - 10:55
Azken eguneraketa: 12:39
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Arabako Fiskaltzak asteazken honetan abiatutako bidea lehen urratsa litzateke 1976ko martxoaren 3ko sarraskiagatik epaitegietan justizia lortzearen bidean. Lehen aldia litzateke ebazpen judizial batek Espainiako Polizia Armatuak egindako “errepresio bortitza” aitortuko lukeena. Hala ere, ez da prozedura penala, ez du inor erantzukizun kriminalarengatik zigortuko, gertatutakoaren inguruko aitortza judiziala lortzea du helburu. 2022ko Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak ematen du aukera hori: epaiketarik gabe bada ere, estatu kolpearen, gerraren eta diktadura frankistaren biktimei iraganeko gertakariei buruzko adierazpen judiziala lortzea. 

Carmen Cotelo Arabako fiskalburuak hartuko du kasua bere gain, gertatutakoak “duen garrantzia” kontuan hartuta. Informazio ugari jasotzeaz gain, biktima eta senide ugariri deklarazioa hartuko die, eta gertatutakoa sakon ikertzen dela ziurtatzeko, dozenaka herritarren testigantzak ere jasoko ditu. Cotelok azaldu duenez, helburua da “duela 50 urte gertatu arren, hiri honen memoria historikoaren parte diren gertakarien biktimei ordaina ematea”. 

Izan ere, “formalki bi prozedura judizial abiatu ziren arren, egitate larri horiek zigorrik gabe geratu ziren, ez baitzen ikerketarik egin”, adierazi du fiskaltzak. Zehazki Maria Servini epaile argentinarrak auzipetu zuen garai hartako Martin Villa Espainiako Barne ministroa, baina Argentinako Zigor Auzitegi Federalak auzibidea gelditu zuen 2022an, frogarik ez zegoela argudiatuta.

Martxoak 3 Elkarteak modu positiboan baloratu du aitortza judiziala jasotzeko aukera. Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak Radio Vitorian hitz egin du, eta adierazi du beren helburuak haratago badoaz ere, "ongi etorria” litzatekeela “egia judiziala, ofizialki ezarriko dituena benetan gertatu zena eta nortzuk izan ziren sarraskiaren erantzuleak".

50 urte borrokan

Mende erdia bete da aurten martxoaren 3ko sarraskiak Gasteizko eta Araba osoko kaleak astindu zituenetik. Bi hilabeteko greben eta bi greba orokorren ostean, beste greba orokor bat deituta zegoen martxoaren 3rako Gasteizen. Zaramaga auzoko San Frantzisko Asisko elizan asanblada orokorra egiten ari zela, Espainiako Polizia Armatuak eliza gaseztatu eta ateratzen ziren grebalarien aurka tiro egin zuen. Emaitza, bost hildako eta ehundaka zauritu.

Senideek, zaurituek eta hiriko hainbat eragilek mende erdia daramate Espainiako Estatuak erantzukizuna bere gain har dezan eta arduradunak eapituak izan daitezen borrokan, baina orain arte ez dute lortu. 


1976ko martxoaren 3a kanalean gehiago
2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.