Ekitaldi ugari eta mobilizazio erraldoia espero dira Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko

  • 1976an Espainiako Poliziak bost langile hil zituela 50 urte igaro direla-eta, egun osoan zehar mobilizazioak eta ekitaldiak izango dira astearte honetan Gasteizen. Arratsaldean izango da mobilizazio nagusia eta “kaleak hartzeko” deia egin dute Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek, gertatutakoa gogoratu ez ezik, gaur egungo langileen borroka ere aldarrikatzeko.

Larunbatean Europa Jauregian omenaldi hunkigarria egin zieten 1976an hildako langileei eta euren senideei, astearte honetako mobilizazio nagusiaren atariko. Besteak beste, Irlandako Bloody Sundayko biktimak ere izan ziren. Martxoak 3 elkartea

2026ko martxoaren 2an - 20:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Martxoak 3 elkarteak pasa den larunbatean Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldi bereziaren ostean, astearte honetan, martxoak 3, egun betea espero da Gasteizen. 1976ko langile sarraskiaren 50. urteurrena gogoratzeko mobilizazio ugari daude antolatuta goizean goizetik.

Milaka lagun espero dira kalean, eta omenaldi hunkigarria egingo diete San Frantzisko elizan Poliziak hildako Pedro María Martinez Ocio, Bienvenido Pereda, Romualdo Barroso, Francisco Aznar eta Jose Castillo langileei, Zaramaga auzoan dagoen monolitoan. Hemen dituzue hitzordu nagusiak.

Lore eskaintzak eta ekitaldiak, goizean-goizetik

Ohi moduan, alderdi eta erakunde askotako ordezkariek lore-eskaintzak egingo dituzte Zaramagako monolitoan goiz osoan zehar. Equo-Berdeak izango da lehena, 8:45etan, eta haren atzetik zerrenda luzea dago aurreikusita. 9:15etan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesen txanda izango da.

Eguerdian, 12:30ak inguruan, LABek manifestazioa egingo du monolitoraino eta segidan lore-eskaintza egingo du. 13:00etan EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatu du handik gertu dagoen Zuberoa plazan.

Gogora Institutuak, bere aldetik, ekitaldi instituzionala egingo du 10:00etan Goiuri jauregian. Bertan hainbat erakundetako ordezkariak izatea espero da, tartean Pradales bera eta Arartekoaren alboko Estefanía Ocáriz.

2024ko lore eskaintza monolitoan. Martxoak 3 elkartea

Ikasle greba

Ikama ikasle erakundeak deituta greba dute deituta gaur derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan eta unibertsitateetan Euskal Herri osoan, eta txoko askotatik autobusak antolatu dituzte Gasteizera joateko. Manifestazioa egingo dute 12:00etan Elurretatik hasita.

Gasteizko Ikasle Antolakunde Sozialistak ere, bere aldetik, greba deitu du, eta manifestazioa egingo du 11:30etan Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta.

14:00etan Ernai antolakundearen eskutik “Gazte Bazkaria” egingo dute eta ondoren ekitaldi politikoa Auzolana pilotalekuan, 16:00etan hasita.

Omenaldia eta mobilizazio erraldoia arratsaldean

Goizeko manifestazioak eta gero, jendetza handiena arratsaldean biltzea espero da. 17:00etan, urtero bezala, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek antolatuta omenaldia egingo diete duela mende erdi hildako eta zauritutako langileei Zaramagako monolitoan.

Zaramagako monolitoa oraintxe bertan behin behineko kokapen batean dago, eta inguruak hankaz gora obra batzuen ondorioz. Gasteiz Berri

Monolito hori Forjas Alavesaseko langileek jarri zuten baimenik eskatu gabe, eta poliziek behin baino gehiagotan kendu bazuten ere, 1984tik toki horretan dago eta gaur egun erreferentzia bilakatu da, baita instituzio publikoentzat ere.

Horren ostean, Zaramagako Martxoaren 3ko plazatik, Ernaik deituta, “gazte blokea” abiatuko da, arratsaldeko mobilizazioekin bat egiteko. Mugimendu sozialistak ere blokea aterako du San Frantzisko eliza ondotik.

Eguneko mobilizazio nagusia 18:30ean hasiko da. Ordu horretan Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek “kaleak hartzeko” deia egin dute, ez bakarrik urteurrena gogoratzeko, baita gaur egungo aldarrikapenei bide emateko ere, esaterako martxoaren 17an gutxieneko soldataren alde egingo den greba orokorra.

Aurten, ohiko ibilbidea egin beharrean, Katedral Berritik hasiko da manifestazioa, duela 50 urte langileen aldeko hiletak egin ziren tokitik, eta Andre Maria Zurira doan espazio zabala hartuko du. Dozenaka milaka lagun biltzea aurreikusten dute antolatzaileek. Andre Maria Zurian hainbat emanaldi izango dira, egunari amaiera emateko.


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Etxeko langile egoiliarrak
Ez atsedenik, ez soldata duinik

2026ko martxoaren 4
Gurasoen federazioa ere atera da segregazioaren kontrako mahaitik
"Ondorioak eztabaidaren aurretik ezarrita daudela dirudi"

2026ko otsailaren 25
Etorkizuna

2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.