1976ko martxoak 3ko Gasteizko sarraskitik mende erdi igaro denean, Martxoak 3 elkarteak, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera, egitarau bateratua aurkeztu du M3moria. Antolakuntza. Borroka lelopean. Ekitaldiak Martxoaren 3ko monolitoan, Katedral Berrian eta Andre Maria Zuriaren plazan izango dira.
Martxoaren 3an 50 urte beteko dira Polizia frankistak Gasteizen bost langile hil zituenetik. 1976ko egun hartan beharginak Zaramaga auzoko eliza batean bilduta zeuden greba asanblada bat egiten, Polizia armatuak eliza gaseatu eta tiroz desalojatu zuenean. Ehundaka zauritu eragiteaz gain, Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro hil zituen Poliziak. Urtemuga biribilaren harira, Martxoak 3 elkarteak, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera, egitarau bateratua aurkeztu dute M3moria. Antolakuntza. Borroka lelopean.
Sarraski hartatik mende erdi igaro denean, “egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak” exijituko dituzte. Aurkezpen prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi dute “Estatuaren indarkeria pairatu zuten pertsona guztiak gogoratuko” dituztela eta balioan jarriko dutela “errepresio bortitz batek itota soldata eta baldintza duinen aldeko mobilizazio eta antolaketa kolektibo baten protagonista izan zen langile klasea”.
Ekitaldi bikoitza
Urteroko manifestazioaz harago, “oroimen kolektiboan mugarri” izateko asmoa duen ekitaldi bikoitza antolatu dute. Lehena 17:00etan hasiko da Martxoaren 3ko monolitoaren ondoan, 1976an Poliziak batzarra indarrez akabatu zuen ordu berean. Bertan, presentzia berezia izango dute monolitoa eta bere plaka jarri zuten langileek. Ondoren, 18:30ean, beste hitzordu bat prestatu dute Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko espazioa hartzeko. Katedralean 1976. urteko hiletak gogoratuko dituzte eta herri mobilizazio handi batez Andra Mari Zuriaren Plazaraino joango dira, eguneko ekitaldi nagusia egiteko.
Memoria kolektiboa bizirik mantentzeaz gain, gaur egun "langileriak justizia sozialaren alde eta sistema kapitalista guztiz bidegabearen aurkako borroka" aldarrikatzeko eguna izango dela adierazi dute. Izan ere, "mobilizazio ziklo zabal eta beharrezko batean" kokatzen da martxoak 3a: martxoak 8aren eta martxoak 17ko Greba Orokorraren atarian. Azken horretan lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eta pentsio duinak exijituko dituzte, "1976ko langileek egiten zuten bezala". Horrez gain, antolatzaileek elkartasun internazionalista ere plazaratuko dute, Palestinako genozidioa eta Venezuelaren aurkako eraso inperialistak salatuta.
Amaitzeko, argi utzi dute ekitaldiak "aldarrikapenetarako espazio seguruak" izango direla: "anitzak, herrikoiak, eta adin eta inguruabar guztietako pertsonei irekiak". Parte-hartze masiboa, aske eta segurua bermatzeko neurriak har ditzala eskatu diote Ertzaintzari, baita beste urte batzuetako "polizia-jarduerak ez errepikatzea"ere.