Martxoaren 3ak 50 urte: oka eta borroka


2026ko urtarrilaren 12an - 07:00
Azken eguneraketa: 10:45
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurten mende erdi beteko da 1976ko Gasteizko greba mugimenduak Trantsizio demokratikoaren zimendu antidemokratikoak astindu zituenetik. Asanblada oinarri, lantegietan abiatutako borrokara emakumeak eta ikasleak batu ziren, hasierako aldarri ekonomizistak beste sakonago batzuekin aberastu ziren. “Eskola antikapitalista zen”, aldarrikatu ohi zuen batzorde ordezkatzaileen kide ezagunenetakoa izan zen Jesús Navesek, parte-hartze zuzenak eragin zituen aldaketa pertsonal eta kolektiboak gogoan. Enpresariek Madrilera jo zuten laguntza eske, eta estatuak eskola antikapitalista hartako ikasleak hiltzea erabaki zuen, eskola eta bere ametsak hiltzeko, eskola ameslari berririk sortzeko tentazioa izan zezakeen inor zentzatzeko.

Mende erdi, urtemuga borobila. Urtero du Martxoak 3a garrantzia Gasteizen, Euskal Herrian ere neurri batean, baina aurten, zalantzarik gabe, protagonismo berezia izango du.

Batzuek greba mugimendua oroitu, goratu eta eguneratzeko lan egingo dute; beste batzuek, oroimena lausotu, eduki onargarriak soilik goratu eta iragan hil bilakatzeko

Batzuek greba mugimendua oroitu, goratu eta eguneratzeko lan egingo dute, lanean jarraituko dute. Martxoak 3 elkarteak ekimen ugari antolatu ditu –hezkuntza zentroentzako unitate didaktiko berritua, literatura lehiaketa, film laburra, Oroiterri erakusketa...– eta otsailaren 28an ekitaldia antolatuko du lehen aldiz, Europa Biltzar Jauregian. Martxoaren 3an grebara deitu du hezkuntzan mugimendu sozialistak, eta arratsaldean sindikatuek antolatutako urteroko manifestazio jendetsua burutuko da. Txalapartak Martxoak 3 Greba, sarraskia, memoria liburua argitaratuko du, gehiago ere helduko dira. Hainbat hitzaldi ari dira prestatzen. Horiek jada herrigintzatik publiko diren deialdi eta ekimenetako batzuk, askoz gehiago izango dira, seguru, eta bakoitzak bere Martxoak 3 hauspotuko du, egungo borrokak norbere balio eta begiradatik elikatzeko.

Beste batzuek greba mugimenduaren oroimena lausotu, eduki onargarriak soilik goratu eta iragan hil bilakatzeko lan egingo dute, lanean jarraituko dute. Martxoak 3 Memorialaren patronatuan Martxoak 3 elkartea baztertzen eta proiektua etengabe atzeratzen ari diren Gasteizko Apezpikutza, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. 1976an beren oinarri militanteei grebak geldiarazteko irizpidea eman zietenak. Garaiko artxibo sekretuak sekretupean mantentzen dituztenak. 50 urteotan Poliziak hildakoen borroka omentzeko urteroko manifestazioaren aurka Polizia hamaika aldiz bidali dutenak. Hurrengo hilabeteotan biderkatuko dira adierazpen ofizialak, argazkiak, dominak gorbatadun paparretan.

Tarteka egin beharko dugu oka, baina, batez ere, egin dezagun borroka. Iraganeko borrokak egungoen ongarri bilakatu, eskola antikapitalistak biderkatu, egun ameskeri diruditen iraultza txiki eta handiak biharko aukera egingarri bihurtu. Gure Martxoak 3a ez da kabitzen haienean. Orain 50 urte bezala, gure justizia ametsak haien amesgaiztoak dira; haien botere ametsak, gure hildakoak.


1976ko martxoaren 3a kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin