argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da
  • Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu batekin. Ertzaintzak gomazko pilota ilegalak ere erabili dituela salatu dute. Segurtasun Sailak zazpi ertzain zauritu direla ziurtatu du. Manifestazio amaierako ekitaldian gogoan izan dituzte 1976ko martxoaren 3an hildako langileak, orduko borroka eta Palestinako egoera.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko martxoaren 04a

Zaramagako Martxoak 3 plazan lore eskaintza eta omenaldia egin ostean, 12:00ak pasatxo abiatu da manifestazioa Gasteizko kaleetan barren, erdigunerantz. Milaka eta milaka herritar, gehienak gasteiztarrak, baina baita Euskal Herriko beste toki batzuetatik heldutakoak ere.

Martxoaren 3koa da ziurrenik Gasteizen aniztasun handiena biltzen duen manifestazioa urtez urte, adinez zein ideologikoki, eta horren erakusgarri izan da aurtengoa ere: haurren gurditxoak, adineko pertsonak, gazte antolakundeak, pentsionistenak, Palestinaren edo borrokan dauden enpresetako langileen aldeko pankartak... Manifestazioak arazorik gabe egin du bidea Bakea kaleko Corte Inglés saltokira heldu arte, “Polizia hiltzailea” eta “Martxoak 3, ez dugu ahazten” izan dira manifestariek gehien errepikatu dituzten leloetako bi.

Manifestazioa zatituta, Ertzaintzaren oldarraldiagatik

Corte Inglés parean, urtero legez, Ertzaintzaren dispositibo handia egon da, eta manifestazioaren zati handi bat jada hortik pasatuta zegoela Ertzaintzak karga bortitza egin du. Liskarrak piztu dira zenbait manifestari eta ertzainen artean, adin guztietako herritarrek korrika egin behar izan dute, eta manifestazioa bitan banatuta geratu da. Istiluak zenbait minutuz luzatu dira. Pixkanaka alde egin ez duten manifestariak Foruen plazan biltzen joan dira, amaierako ekitaldia entzuteko.

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu istiluen unean, eta hainbat zauritu. Aske kolektiboak salatu duenez, ondoren Lakuako komisarian bosgarren pertsona bat ere atxilotu du poliziak, atxilotuen askatasuna aldarrikatzera hurbildu diren gazteen aurka oldartu eta gero.

 

“Karga basatiak”

Manifestazioa deitu duten ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak oharra plazaratu dute, Ertzaintzaren portaera salatzeko.

Corte Inglés parean Ertzaintzak “neurriz kanpoko dispositiboa” ezarri duela adierazi dute: “Puntu horretan karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin, polizi-furgoiekin ere oldartu dira manifestarien aurka”. Salatu dute furgoneta horietako bat gazte baten gainetik pasa dela, oina zapaldu diola eta anbulantziak artatu duela, “hamarnaka” zauritu egon direla eta horietako batek konortea galdu duela. Oharraren arabera, Ertzaintzak manifestazio amaierako ekitaldia egin den Foruen plazan ere kargatzeko saiakera egin du, baina antolatzaileek saihestu dute.

Azpimarratu dute foam pilotak erabili dituela Ertzaintzak, "Tolosan polizia-karga batek gazte bat larri zauritu eta aste gutxira”. Sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak erantzukizunak argitzeko eta atxilotuak askatzeko eskatu dute. Ertzaintzari exijitu diote utzi diezaiela herritarrei Martxoak 3a gogoratzen, “erasorik jasan gabe".

Gomazko pilotak

Hala Bedi-k argitaratu duenez, foam jaurtigailuetako batek 60 urte inguruko emakume bat zauritu du ahoan. Gedar kazetak eta Jardun antolakundeak, bestalde, salatu dute Ertzaintzak legez kanpoko gomazko pilotak ere erabili dituela. Aske antolakundeak kontzentrazioa antolatu du astelehenerako, Atxilotuekin elkartasuna lelopean.

 

 

 

Ertzaintzak oharra kaleratu du istiluen harira. “Atxilotutakoak iskanbila-talde bateko kideak ziren, eta ezarritako segurtasun-dispositiboko polizia-taldeen aurka botilak, galtzada-harriak eta beste objektu sendo batzuk botatzen hasi dira. Ondorioz, zazpi ertzain zauritu dira”. Istiluetan lau pertsona atxilotu dituela baieztatu du Segurtasun Sailak, eta desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen diela baieztatu. Igande arratsaldean utzi ditu atxilotuak aske Ertzaintzak, aipatu karguekin.

Atzoko eta gaurko hildakoak gogoan

Manifestazio amaierako ekitaldian 1976ko langileen borroka omendu dute antolatzaileek, emakumeen parte hartzea azpimarratuta. Hildakoak izan dituzte ere gogoan, Gasteizkoak zein beste toki eta garai batekoak: martxoaren 3an poliziak hil zituen Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García eta Bienvenido Pereda Moral; 1936ko gerraren testuinguruan hildakoak, Gorka Urbizuk zuzenean kantatu duen Maravillas abestia; eta Israelek azken hilabeteetan hil dituen milaka palestinarrak.