Iraganeko eta gaur eguneko testigantza, testu literario eta ilustrazioak biltzen ditu fanzineak: 1976ko grebak eta errepresioa bizi izan zituzten autoreek hartu dute parte, baita egungo gazte idazle eta militanteek ere. Eva Forest Liburutopian aurkeztu dute jendaurrean ostiral arratsaldean, errezitaldi musikatu batekin.
Esan gabe doa gasteiztarren memorian iltzatutako data dela Martxoak 3a, eta 50. urteurrenak protagonismoa hartu du, komunikabide eta erakundeetan ez ezik, ikastetxe eta kaleetan ere. GKSk, IASekin batera, urrian hasi zuen Borroka ez da eten izeneko kanpaina. “Komiteak egin ditugu auzoz auzo, hitzaldiak, solasaldiak egingo ditugu, eta ikasle greba ere bai. Fanzinea hilabetetako lan militante horren beste ale bat da, borrokari ekarpen bat egin dakiokeela uste dugulako, kasu honetan, artetik edo literaturatik, zabaltzeko eta eskuratzeko erraza den euskarri batean”, azaldu du Aratz Fernández de Pinedo Gasteizko GKSko kideak ekitaldiaren hasieran.
Hamabi testu bildu dituzte 62 orriko fanzine mardulean, askotarikoak: fikzioa, memoria, errealitate fikzionatua, poesia, prosa zein bertsoa. Horietako sei garaiko testigantzetatik abiatutakoak dira: Amparo Lasheras, Imanol Olabarria, Bego Oleaga, Xabier Montoia, Emilio López Adán Beltza eta Amaia Errastik idatzitakoak. Memoria ariketa egin nahi izan dute, betiere, Fernández de Pinedoren hitzetan, despolitizazioaren eta nostalgiaren aurka: “Hildakoak gogora ekarri behar ditugu, baina baita haien borroka ere. Omenaldia egin nahi diogu 76ko borroka prozesu guztiari, eta gaur egunerako hausnarketak egin eta partekatu, irakaspenak atera, langile borroka eguneratu”.

Borrokaren gaurkotasuna nabarmendu du Irati Fernández de Okariz idazleak ere: “Bestela, sinetsiko dugu gu jaio garenerako dena gertatu dela jada”. Fanzinean jaso duten Imanol Olabarriaren aipu batekin laburtu dute beraien ikuspegia: “Hildakoak oroitzea haien ametsak oroitu gabe, bigarrenez hiltzea da”.
Eli Zalduak eman dio hasiera errezitaldiari berak idatzitako bertsoak abestuz. Omenaldi bezala, sarraskiari eta justiziari kantatu dio Zalduak: “Bost hamarkada pasata / jarraitzen dugu antzeko / interesik ez omen da / errudunak epaitzeko”. Sei gasteiztar gaztek idatzi dute fanzinean, eta horietako bosten artean prestatu dute irakurraldia, Paloma Strachan biolontxeloan lagun zutela.
Fernández de Okarizek Bego Oleagaren testua irakurri du gero. Orbeako langilea zen Oleaga 76an, eta greban zeuden gizonen emazteen asanbladaren sorrera eta ahalduntze prozesua kontatu ditu: nola pasa ziren “subjektu aktibo izatera”, piketeak egitera, erresistentzia kutxa antolatzera edota poltsa hutsen ibilbidea egitera.
“Gurasoek pertsianak jaisten irakatsi zioten, tiroak beste aldean gertatzen den zerbait direla”: esanez hartu du mikrofonoa, hurrena, Ibai Fernéndezek. Indiferentzia eta beldurra gainditzeari buruzko poema irakurri du, bere etxekoen bizipenetatik abiatuta. Eli Zalduak Imanol Olabarriaren asanbladei buruzko narrazioa partekatu du Liburutopiara bertaratutakoekin: asanbladak, besteak beste, elkartasuna ikasteko eta kontzientzia irabazteko eskola izan zirela kontatu du. Fernandez de Pinedok Amparo Lasheras kazetariaren testua leitu du, erailketak izan ditu hizpide, mina, amorrua eta inpotentzia.
Gertakarien ondoren, etorkizunari begiratzen dio Beltzak, Irazuk irakurritako hausnarketan: “Nola lotu amorruak sortu erantzun bizia eta iraultzan garaitzeko behar diren epe luzeko estrategia eta organizazioa? Gauza ginateke handik hogei edo hogeita hamar urtera borrokan modu zabal eta emankorrean jarraitzeko?”. Porrotaren ostean ere esperantza berpiztera dei egiten du Beltzak, baina, amaitzeko.
Aurkezpen ekitaldiaren azken testuak gaurko egunean kokatutakoak izan dira, Fernández de Okariz, Fernández de Pinedo, Irazu, eta Maddi Sarasuarenak. Iraultza grinaren umezurtz sentitu den belaunaldi baten narrazioak dira, 70eko hamarkadari harriduraz, jakin-minez begiratzen diotenak. Eta, batez ere, kate luze horri segida emateko borondatea dutenak, garaiaren aurka bada ere. Horrela diote Sarasuaren bertsoek: “Aldean daramagu / errabia / berrabia nahirik / errebolta / nagusi ez den garaian / non dira barrikadak / garaia ez den garaian? (…) Zapalkuntza salatzeko / baino gehiago / izan nahi baitugu / borrokan / beste eredu bat eraikitzeko gai”.
Izan ere, “zanpatu zuten Gasteizko sobieta”, Fragak esan omen zuen bezala, eta zaila dirudi sinestea etorkizuna ez dela izango ezinbestean gero eta beltzagoa, Gasteizen, Euskal Herrian eta munduaren luze zabalean. Horregatik, emanaldia bukatzeko, fanzinea ixten duen aipua ekarri nahi izan du Fernandez de Pinedok: “Omenaldirik onena, borrokan jarraitzea da. Omenaldirik onena gure klaseak 1976an hasi zuena azken muturreraino eramatea izango da”.
Txalo zaparrada eskaini dute entzuleek. Fanzinea Gasteizko zenbait taberna eta liburu dendatan egongo da salgai. GKSk eta IASek solasaldi eta mobilizazioak antolatu dituzte datozen asteetan ere, eta parte hartzeko deia luzatu dute.


