15.000 martiri, askatasuna garesti ordaintzen da

  • Rojavan presentzia izugarria daukate borrokan eroriek, eta leku askotan ikusten dira beren argazkiak. 2014an Estatu Islamikoaren aurkako guda hasi zenetik 15.000 pertsona hil dira askatasunaren aldeko borrokan, izan kurduak, arabiarrak, asiriarrak edo internazionalistak. Herri honen martiriak dira. Gai hau kudeatzeko ere hamaika gizarte egitura antolatuta dituzte.

Qamishloko Martirien hilerria Lander Arbelaitz - ARGIA CC-BY-SA

2026ko otsailaren 19an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Baten semea hil zen borrokan, bestearen alaba, hirugarrenaren izeba... Martirien familien elkartera jo dugu eta ondorengoek hartu gaituzte: Armanc Mihemed Hessin, Mazlum Hassan eta Rabiya Husseyin Qawas. Gai honen inguruan lan handia egiten dute horretarako propio antolatutako egituretan.

Zein da beren lana? Norbait borroka armatuan hil dela jakin bezain pronto, familiei heriotzaren berri jakinarazi, gorpua ekarri, hileta antolatzen lagundu, pertsona horren memoria ohoratzeko bere bizitzari buruzko artxiboak egin... Halako lanetan aritzen dira buru-belarri. Gerrarik ez dagoenean, bestelako lan ugari ere egiten dituzte: familiak antolatu, hauek zaindu, laguntza psikologikoa eman, behar ekonomikoak badituzte horiek asetzen lagundu... Lan handia da, milaka baitira familiak. Antolakuntza aldetik, multzoka antolatzen dituzte taldeak, eta sendi bakoitzak beste baten ardura hartu ohi du. Emakumeek paper zentrala jokatzen dutela azpimarratu digute.

"Kontu handiz egin beharreko lana da, batez ere, beren senidea hil dela jakinaraztea, gu baikara abixatzen dietenak, publiko egin aurretik. Denetarik aurkitzen dugu. Familia batzuek seme edo alabaren bat bidaltzen dute gudara, abertzaleak direlako eta herriari zerbitzu hori eman behar diotela uste dutelako, baina badira, noski, beren senideak horretan engaiatzerik nahi ez dutenak. Badira, beraz, albiste mingarria duintasunez jasotzen dutenak, eta oso gaizki hartzen dutenak. Gure lana da errespetu osoz hori entzun eta beraiei laguntzea. Hala ere, Estatu Islamikoaren aurkako borroka hain izan da lazgarria, hamalau urtean hainbeste izan dira hildakoak, asko sustraitu dela herria basakeria horrengandik babestea beharrezko sakrifizioa izan delaren ideia".

Martirien familien elkarteko zenbait kide. Lander Arbelaitz - ARGIA CC-BY-SA

Kontatu digutenez, zortzi azpitaldetan banatzen dira elkarte hauek:

  1. Jarraipena: familiei bisitak egin eta beren mina eramaten laguntzeko.
  2. Hezkuntza: familiei gertatutakoari buruzko irakurketa filosofiko eta ideologikoa emateaz arduratzeko.
  3. Osasuna: asko oso txiroak dira eta izan ohi dituzten osasun arazoetan laguntzeko.
  4. Artxiboa: martiri bakoitzari buruzko informazio bilketa egin eta materiala produzitzen dute.
  5. Mediazioa: familien arteko gatazkak sortzean –klanen sistemak indarra du Kurdistanen– horiek bideratzen saiatzeko.
  6. Hilerriak: memoria gune hauek zaintzeko.
  7. Emakumeak: emakumeei propio dagozkien gaien jarraipena egiteko.
  8. Ekonomikoa: familien burujabetza ekonomikoa lortu asmoz, beraien artean batu eta proiektuak proposatzeko.
Qamishloko hilerrian barrena

Duela gutxi zabaldu zuten yihadistek sare sozialetan nola profantzen zuten Shaddadi herriko martirien hilerria.

"Afrin, Raqqa eta beste herri askotan, beren eskuetan erortzen direnean egiten duten lehen gauzetako bat, gure martirien hilerriak suntsitzea izaten da", adierazi digu Qamishloko hilerri horretaz arduratzen den Hukmet Sheks-ek. 

Herriz herri dituzte martirientzat propio prestatutako hilerriak, eta Rojavako hiriburukoan 1.100 pertsona inguru daude lurperatuak. Oso leku solemnea da, zalantzarik gabe. Beren borrokaren lekuko isilak dira. "Ez gara gerraren zale, baina gure burua defendatzen dugu kurduok. Askatasunak prezio altua dauka, zuen begien aurrean daukazue", adierazi digute.

 Lander Arbelaitz - ARGIA CC-BY-SA


Kurdistan kanalean gehiago
2026ko otsailaren 20
Seigarren eguna Rojavan
Jinwar, emakume askeen herria

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.