“Marikoi zikina” oihu artean konortea galtzeraino jipoitu zuten gazteak akusatu guztiak ezagutu ditu epaiketan

  • Duela bost urte Ekain Perrino 23 urteko gaztea dozena bat lagun baino gehiagoren artean bortizki jipoitu zuten, “marikoi zikina” oihukatzen zioten bitartean. Astelehenean hasi da epaiketa, eta bertan, Perrinok akusatu guztiak ezagutu ditu, jipoian parte hartu zutelako. Bestalde, eraso homofobo bat izan da Gasteizen iragan asteburuan, eta kontzentrazioa deitu dute asteartean 19:00etan Andra Mari Zuria plazan.

Wikimedia Commons

2026ko martxoaren 10ean - 10:29
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2021eko ekainaren 6ko gauean, Basauriko (Bizkaia) Bizkotxalde plazan, Ekain Perrino 23 urteko gaztea dozena bat lagun baino gehiagoren artean bortizki jipoitu zuten, “marikoi zikina” oihukatzen zioten bitartean. Konorterik gabe utzi zuten eta ospitalean bukatu zuen gazteak. Aste honetako astelehenean, jipoitik ia bost urtera, hasi da Bizkaiko Probintzia Auzitegian 11 pertsonaren aurkako epaiketa, eraso homofoboaren harira. Perrinok akusatu guztiak ezagutu ditu, eta denek jipoian parte hartu zutela adierazi du. Akusazioak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du, baita urruntze agindua eta 6.000 euroko kalte ordaina ere.

Epaiketa lau saiotan egingo dute. Lehenengoan, biktimak gertaerak gogoratu ditu. Perrinok azaldu du lagun batzuekin hitz egiten ari zela, eta akusatuetako batek, dozena bat lagun inguruko beste talde batekin zegoenak, esan ziola alde egiteko, "kutsatuko" zituela eta "nazka" ematen ziela. Hitz horiek entzunda, Perrinok esan zion bere presentziak gogaitzen bazuen, alde egin besterik ez zuela egin behar. Orduan hasi zen jipoia. Bizkarretik jo zion ukabilkada bat akusatuetako batek aurpegian, ondorioz, gaztea lurrera erori eta gainera etorri zitzaizkion guztiak, eta ostikoka hasi, “marikoi zikina” garrasi artean. "Nik ez nien kolperik eman", gehitu du Perrinok. Gorputz osoan jaso zituen kolpeak, batez ere buruan, eta azaldu du, kontatu diotenaren arabera, korderik gabe zegoela ere jotzen jarraitu zutela. Deklaratu duen lekuko batek, atsekabez, adierazi du “hil egin behar” zutela.

Jipoiek ondorio latzak utzi dizkio gazteari. Zehaztu duenez, kolpeen ondorioz ospitaleratu egin behar izan zuten. Baina ondorio fisiko horiez gain, kalte psikikoak ere jasan ditu Perrinok, antsietateagatik. Gainera, ordutik, depresioa tratatzeko astero psikologora joan behar izan duela esan du eta baita psikiatrarengana ere tarteka. Halaber, desintoxikazio zentro batean ere egon da, gertatutakoaren ondorioz substantzia estupefazienteak hartzen hasi zelako. Bost urte igarota "tratamendu guztiekin" jarraitzen duela esan du, gertatutakoak bere osasun mentalean eragina baitu oraindik.  

Hori guztiagatik, akusazioak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du erasoan parte hartutako pertsona bakoitzarentzat, gorroto delitu bat tarteko, zauriak eragin zizkiotelako Perrinori. Halaber, urruntze agindua ere eskatu du, bost urtean biktimarengandik 500 metro baino gutxiagora egon ez daitezen. Gainera, 6.000 euroko kalte ordaina ere eskatu du akusazioak, kalte moralaren ordain gisa.

Eraso homofoboa jasan dute bi gaztek Gasteizen

Gasteiz Hoy hedabideak jakitera eman duenez, asteburuan eraso homofoboa izan da hiri erdialdean. Bi gazteri eraso egin diete hiru gizonek "marikoiak" oihukatu eta ostikadak eta ukabilkadak eman bitartean. Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokitik babesa luzatu diete biktimei, eta astearte honetan kontzentrazioa egingo dute erasoa salatzeko, arratsaldeko 19:00etan Andra Mari Zuria plazan.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.