Marieniako lurrak hilabeteren buruan husteko agindu du auzitegiak

  • ELB sindikatuak eta Lurzaindiak jarritako abereak atera beharko dituzte lurretatik, baina Baionako auzitegiak hilabeteko epea eman die horretarako: "Negoziatzeko oportunitate bat bezala ikusten dugu", erantzun dute aginduaren aurrean. Kanboko (Lapurdi) nekazal orubean 94 etxebizitza eraikitzeko proiektua dute esku artean higiezinen sustatzaileek.


2026ko irailaren 2an - 09:53
Azken eguneraketa: 11:41
Marieniako lurrak laborantzarako mantentzeko egindako ekintzetako bat. Irulegiko Irratia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Baionako auzitegiak Marieniako lurrak husteko agindu die ELBri eta Lurzaindiari. Ekainaz geroztik abereak sartu zituzten orubean, Boygues higiezinen sustatzaileak bertan egin asmo duen etxebizitzen proiektua geldiarazteko helburuarekin.

Auzitegiak hilabeteko epea eman die ardi jendea eta astoak ateratzeko eta arditegia eraisteko. Hala, jabe pribatuen eskaerari kasu egin dio epaileak, eta gainera, 3.000 euro ordaintzera derrigortu ditu "okupatzaileak", prozedura gastuak beren bizkar jarrita.

ELBk eta Lurzaindiak kaleratutako oharrean auzitegiak emandako hilabeteko epean egin dute azpimarra, jabeek lurrak 48 ordutan uzteko eskaturik baitzuten. Azaldu dutenez, auzitegiak ulertu du abereek ez dietela kalterik egiten lurrei: "Epe hau, afera sakonean negoziatzeko oportunitate bat bezala ikusten dugu. Gure helburua etxe proiektuaren arrastatzea da, Marieniako lurrak izan daitezen behin betiko laborantza baliabide baterako", azaldu dute.

Hala, jakinarazi dute hurrengo asteetan elkartuko direla, aurrera begira egin beharrekoak aztertu eta antolatzeko.

Marieniako lurrak 2009an bihurtu zituzten urbanizagarri, Christian Devez Kanboko auzapez zela. Bera da orain etxebizitza proiektuaren sustatzaile nagusietako bat. Geroztik, herritarrek ekintza ugari egin dituzte proiektua gerarazteko eta laborantzarako mantentzeko; abuztuan ELBko eta Lurzaindiako kide bana epaitegira deitu zituzten ekintza horien ondorioz. 

2026ko martxoan, herri sarrerako lur emankor horietan nekazari batek landatutako garia, ezezagunek produktu kimikoekin kutsatu zutela salatu zuten ELB, Lurzaindia, Ostia, Le Cade eta Nahi Dugun Herria kolektiboek, alokairuzko lur batzuetan legalki ereinda izan arren, eta Marieniako etxebizitza proiektuarekin lotu zuten "bandalismo" hori. 


Irakurri gehiago: Lehen sektorea Ekonomia
Lehen sektorea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...