Maricarmenen heriotzatik Toledoko hondamendira

  • Agudo, ziztu bizian doaz gertaerak urri honetan Espainiako Estatuan. Hilaren 5ean deitu zituen hauteskundeak Pedro Sánchez PSOEko buruak. Bi aste lehenago, irailaren 23an, etxegabetu zuten Maricarmen Abascal. Eta horren ondoren, Sol plaza kanpin dendaz loratu zen ostera.

Toledoko istripuaren argazki bat. El Salto / Sare sozialak

2026ko urriaren 30 - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Zutoin horien gainean deitu zituen Sánchezek, urriaren 5ean, hauteskunde orokorrak azaroaren 29rako. Bi egun geroago hil zen Maricarmen eta egun berean sindikatuek greba orokorra deitu zuten azaroaren 11rako. Gertaerak arrapaladan bata bestearen atzetik, eta denen ortzi-mugan Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Bazirudien horien gainean zamalkatuta iritsi zitekeela Sánchez hauteskunde bezperetara, baina bistan da gaur egungo munduan hala pentsatzea inozokeria galanta dela.

PP-Vox, denon bistara

Nahiz eta hala zegoen aurreikusita, 2023an PP ez zen ausartzen horren garbi adieraztera Voxekin gobernatuko zuela. Orain bai, eskutik helduta eta elkarri begietara so, bikotea lasai-lasai dabil atzera aurrera. Hainbat autonomia erkidegotan elkarrekin gobernatzen dute –une honetan lautan–, publikoki lasai adierazten dute Moncloara elkarrekin iritsiko direla eta, gainera, Senaturako akordioa egin dute: Voxek sei lurraldetan ez du hautagairik aurkeztuko eta PPk hirutan, besteak beste Gipuzkoan. Gipuzkoan PP bozkatu nahi duten guztiek, zuzenean Voxen hautagaia hautatuko dute senaturako. Beste hamalau probintzietan, Voxek hautagai bakarra aurkeztuko du, tartean Nafarroan; horrela, Voxeko boto emaileek hautatu ahal izango dute euren hautagaia eta PPko beste bi.

Zer bilatzen dute? 161 eserleku. Horrek ahalbidetuko lieke Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak hautatzea. Gaur egun, “gehiengo aurrerakoia” nagusi da auzitegi horretan, eta jokaldia ondo ateraz gero, PP-Voxek hurrengo legealdian estatuko auzitegi garrantzitsuenaren kontrola eskuratuko lukete. Gaur egun, PPk 144 eserleku ditu senatuan, PSOEk 89 eta Voxek ez du bat bera ere. Helburu berarekin, PSOEk eta Fronte Zabalak ere akordioa egin dute senaturako.

Inkestak: PP-Vox gobernua

Nahi adina inkesta daude, baina horien batez besteko batek halako emaitzak emango lituzke, Kongresuko 350 eserlekuak banatzerako orduan: PP 132, PSOE 108, Vox 67, Fronte Zabala 9, ERC 9, Podemos 1, Junts 6 eta beste batzuk 18. Horren arabera, eskuin muturrek 199 boto eskuratuko lituzkete. Haien helburua 211ra iristea litzateke, konstituzioaren erreformak ahalbideratzeko behar den gehiengoa. Edozein kasutan, 176 botok gehiengo emango liokete PP-Vox bikoteari eta gobernua eratu ahal izango lukete.

Inkestek joera bat adierazten dute, eta gainera, ordaintzen dituenaren zerbitzura daude gehienetan, baina kasu honetan haien arteko adostasunak handiak dira. Edozein kasutan, inkestek ere porrot egiten dute sarritan. 2004ko eta 2023ko Espainiako hauteskunde orokorretan, esate batera, inkestek nabarmen egin zuten PPren alde edo PP-Voxen alde eta, azkenean, lehen kasuan PSOE gailendu zen eta bigarrenean PP, baina ez Voxekin batera gehiengo osoa lortzeko beste.

Nazioarteko haize bortitzak

Israel, Brasil eta AEBetako hauteskundeek ere izan dezakete zerikusirik Espainiako hauteskundeetan? Seguruenik gutxi, baina irabazi-galdu tarteak txikiak badira, gutxi hori asko bihur daiteke. Lula da Silva Espainiako muturreko eskuindarren amesgaiztoa da jada. Eta Israelgo beren Likudeko lagunen egoera ere ez da gozoa, irabazi bai, baina ezin gobernatu. Datorren asteartean AEBetako Kongresuko hauteskundeak ere garrantzitsuak izan daitezke, emaitza batek edo bestek animatu baitezake PSOE edo Fronte Zabaleko abstentzionista asko botoa ematera. Zenbat eta polarizazio handiagoa, zenbat eta aukera gehiago Sánchezen blokearentzako, hau, azken finean plebiszitu bat izango baita: edo orain arte gobernatu duen Sánchezen blokeak jarraitzen du Espainiako Gobernuan, edo lehenbiziz, PPk eta Voxek. Oraingoz azken horiek oso aurretik doaz.

Blocus ere hortxe

Europan barrena hamaika bilkura bultzatu dituen sare sozialetako ekimen anonimoa da Blocus, eta haien ingurumarian hamaika su piztu dira. Deialdiak sare sozialetatik eginda, adimen artifizialez landutako edukiekin, patroi bertsuekin... gutxien-gutxienez susmagarria. Goiz da oraindik ezer esateko, baina joan den asteburuko Bartzelonako istiluek eta lapurretek lehenik, eta Bilboko astelehenekoek ondoren, susmo txarrak piztu dituzte. Bilbon EHKSkoak, CNTkoak eta ezker abertzalearen bueltakoak gertaera bortitzetatik aldendu ziren, eta Europako hainbat lekutan ere berdintsu egin dute ezkerreko hamaika eragilek. Nor dabil, beraz, bortizkeria horien atzetik? Urriaren 31rako Blocusen deialdi ugari daude Europa osoan, Espainian eta Euskal Herrian ere bai. Ea zer gertatzen den, baina hiriak sutan erakusten badira eta, irudien bidez Espainiako Gobernuak horiek kontrolatzeko gaitasunik ez duela zabaltzen bada –berdin da egia edo gezurra den–, nork arrantza dezake oparoen ur uher horietan? Seguruenik eskuin muturrak.

Eta orain Toledoko istripuaren ardatzean

Bistan da PPk eta Voxek tresnarik eraginkorrena eskuratu dutela istripu honekin: urte hasierako Adamuzeko tren istripua (Cordoba) giltzarri izan zen Sánchezen lurzorua higatzeko, eta honek Sánchezen zorua guztiz hondoratu dezake. Egungo hipotesiak egi bilakatzen diren edo ez argituko du ikerketak, baina edozein kasutan, Pedro Sánchez 74 hildakorekin besapean iritsiko da hautetsontzietara. Baina PSOEren esku baino, PPk istripuaz egingo duen kudeaketan dago gakoa. 2004an martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen kudeaketa ezin okerragoa egin zuen, eta hori giltzarri izan zen hauteskundeak galtzeko. Orduan, inkestek zioten hautesleriaren %40k erabaki gabe zuela zer bozkatu. Ohi legez, horietako askok abstentziora joko zuten, jakina, baina beste askok PSOEren alde egin zuten, alderdi horri garaipena emanda. PPk ez du esnatu nahi bozkatzeko zalantzan dabilen ezkerreko boto hori, eta ahalik eta bareen dabil, ahalik eta sute gutxien piztuta. Oraingoz bederen, ihes egin du Voxek pentsioen sua astintzeko egin dituen ahaleginetatik, edo Javier Milei Argentinako presidentearen purrustadetatik.

Euskal Herrian ere Espainia nagusi

Espainiako hauteskundeak dira, eta seguruenik mende erdiko polarizatuenetakoak eta lehiatuenetakoak izango dira. Testuinguru horretan, Euskal Herrian ere Espainiako iruditeria aise nagusitzen da. Geroa Baik Nafarroan egindako ahalegin txikiak porrot egin zuen eta María Chiviteren gobernua sostengatzen duten indarrak bakoitza bere aldetik joango dira –ezker konfederala batera–, salbu eta senaturako, non PSOE eta Fronte Zabala batera doazen. UPN eta PP bat eginda aurkeztuta boto zaparrada bilduko dutela pentsa liteke. Noraino ote doaz Voxeren botoak bilduta?

Ikustekoa izango da ere PPk eta Voxek Gipuzkoan senaturako lortzen dutena. Eta horren urria den euskal klabean, EH Bildu eta EAJren arteko lehiari ere zorrotz begiratuko zaio. EAJk ez ditu bere garai onenak bizi, hauek ere ez dira bere hauteskunde preziatuenak eta, gainera, polarizaziotik ihes egin nahi du, horretarako aukerarik ez duenean. Gaitza da pentsatzea bere botoak erabakigarriak balira, Abascalen saskira joango liratekeela eta ez Sánchezenera, azken legealdian moduan. EH Bilduk, beldur eta aurreiritzi guztien gainetik, argi du: “Argi eta garbi, Sánchez”. Edozein kasutan, datorren maiatzean udal eta foru hauteskundeak dira, eta hauteskunde mota desberdinak izanik ere, nahi eta ez, haietarako ispilu ere bilakatuko dira.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.