argia.eus
INPRIMATU
Mari Karmen Albizu: “Jendearen parte-hartzea bilatzen dugu Xilaba taldekakoarekin”
  • Udazkenean hasiko da taldekako bertsolari txapelketa Ipar Euskal Herrian. Xilabaren nondik norakoak azaldu ditu Mari Karmen Albizu Bertsularien Lagunak elkarteko kideak Info7 irratian.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 11
taldekako Xilaba antolatzeko bileran (Argazkia: berria.eus)

Guztira hamaika taldek hartuko dute parte urriaren 12an hasi eta abenduaren 1ean bukatuko den txapelketan: Zazpi talde Lapurdikoak, hiru Nafarroa Beherakoak eta bakarra Zuberoakoa.

Estreinakoz egingo dute taldekako txapelketa: “Aldaketarako gogoa eta beharra ikusi dugu, beraz bakarkakoa egin beharrean, taldekakoa antolatzea erabaki dugu”, adierazi du Albizuk.

“Bakarkakoan ez duela jende askok parte hartzen eta Jendearen parte-hartzea bilatzen dugu Xilaba taldekakoarekin”. Taldeko partaideek, bertsoak kantatzeaz gain, epaile eta gai-jartzaile lanak ere egin beharko dituzte”.

Bi urte barru berriro bakarkakoa egingo dutela ere aurreratu du, “Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartu nahi dutenak sailkatzeko”.

Zaletasuna handituz doa

Albizuk adierazi duenez, osasuntsu dago bertsolaritza Ipar Euskal Herrian: “Gero eta saio gehiago antolatzen dira eta zaletasuna ere handituz doa”.