“Ikasleak ez dira kontziente eremu digitalean dena dagoela ideologiaz josita eta ezer ez dela neutrala”

  • Ikasleek mugikorraren pantaila ukitu aurretik galderak egiten ikastea da Maria Jesus Irigoien irakaslearen helburua. Iametzarekin elkarlanean, Apika STEAM egitasmoaren barruan sortutako Digitalizazio Arduratsua. Unitate didaktikoak materialaren bidez, gazteak teknologiaren kontsumitzaile huts izatetik erabiltzaile kritiko eta kontziente bihurtu nahi dituzte.

Maria Jesus Irigioien. ARGIA CC BY-SA

2026ko ekainaren 23an - 09:08
Azken eguneraketa: 12:30
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Nondik sortu zen digitalizazioari buruzko unitate didaktikoak prestatzeko ideia? 

Iametza lantaldeak tradizioz lan handia egin du lizentzia libreko euskarazko baliabideak sortzen, eta pentsatu zuten estrategikoa zela Bigarren Hezkuntzan digitalizazio arduratsuan jartzea fokua. Nirekin kontaktuan jarri ziren, eta erronka polita iruditu zitzaidan, behar handia dagoelako.

Zein izan da helburu nagusia?

Euskaraz gero eta material gehiago egon arren, edozein hezitzailek digitalizazioa lantzeko proposamen malgua falta zen. DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleentzat da eskaintza, baina aproposa izan daiteke beste edozein herritarrentzako ere. Irakasle edo familiaren batek nahiko balu digitalizazio arduratsurako bidea egiten hasi modu erraz batean, gure proposamena abiarazlea izan liteke. Helburua da hurbiltzen direnengan kontzientzia digitala aktibatzea. 

Nola antolatu duzue edukia?

Sei bloketan banatu dugu, eta bakoitzak ordubeteko hiru saio ditu. Egitura beti da bera: gaiara hurbilketa, bizpahiru jarduera gaia lantzeko, eta azken jarduera bat ondorioak ateratzeko. Saioak autonomoak dira, beraz, bakarra egin dezakeenak, badu hasiera eta bukaera borobila.

Unitate didaktiko hauetan jorratzen da: burujabetza teknologikoa, datuen erabilera, mundu digitalak sortzen duen kutsadura, hizkuntza gutxituak mundu digitalean, alternatibak, eta indarkeria mundu digitalean. Gazteek egiten duten erabileran, zein alderdi iruditzen zaizu kezkagarriena?

Ikasleak ez dira kontziente eremu digitalean dena dagoela ideologiaz josita eta ezer ez dela neutrala. Diseinutik erabileraraino multinazional handiek hartu dute protagonismo osoa, eta eremu ez-digitalean gertatzen diren zapalkuntzak eremu digitalean ere gertatzen dira. Garrantzitsua da gutako bakoitzak dugun agentzia digitala aktibatzea.

Eta erabiltzen dituzun kontzeptu eta azalpenetan, zeintzuk iruditzen zaizkizu ezezagunenak?

Internet eta hodeia airean daudela saldu digute, baina gezur hutsa da. Mundu digitala ez da etereoa, materiala baizik. Azpiegitura fisiko erraldoi batean oinarritzen da; hala nola gailuak, kableak, energia eta datu zentroak. Horretaz konturatzeak balio die kritikoagoak izateko eta erabaki kontzienteagoak izateko. Adibidez, institututik ateratzean lagunekin zuzenean aurrez aurre geratzea, Whatsappez gelditzearen aldean urrats bat litzateke.

Bestalde, sare sozial pribatuak naturalizatuak ditugu, eta ikasleek ez dute software libreko alternatiba deszentralizaturik ezagutzen. Alabaina, bestelako alternatibak egon badaude; sare sozial burujabeak, arduratsuak eta osasuntsuagoak. 

Adimen artifizialaren inguruan ere ezjakintasun handia dago, ezta?

Ikasle asko daude inplikatuta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan, baina ez badira konturatzen digitalizazioaren izenean naturaren ustiatze basatia eta mugagabea egiten ari garela, ezin dituzte erabaki kokatuak hartu. Adimen artifizial sortzaileak, gainera, inpaktua eta ondorioak biderkatu egin ditu. Gure bizitzara bat-batean iritsi da, eta modu akritikoan irentsi dugu. Orain erronka da pausatzea eta pentsatzea adimen artifiziala erabiltzeko edo ez erabiltzeko zein irizpide dauzkagun. Horretarako, ikasleak ahaldundu behar ditugu, olatuaren gainean joan ez daitezen azpian zer dagoen jakin gab.

"Ikasleak ahaldundu behar ditugu, olatuaren gainean joan ez daitezen azpian zer dagoen jakin gabe"

Kontzientziazioan eta gogoetan jarri duzue fokua unitate didaktikoetan. Baina zein jarduera aktibo proposatzen dituzue? Adibiderik?

Indar handia eman diogu aurrez aurreko dinamikei eta elkarrizketei. Saio bakoitzerako abiarazle bat proposatu dugu, ikasleek horri buruz hausnartzeko gero. Adibidez, erabiltzen dituzten gailuen inguruan edo dituzten erreferenteen inguruan galdetu diegu. Bakoitzak bere esperientzia talde txiki eta handietan partekatuko du, eta gero ikerketekin alderatuko ditugu datuak, tendentziak ikusteko eta ondorioak ateratzeko. Puntualki, jarduera digitalak ere proposatuko ditugu, esaterako, horma irudi digitalak osatzea edo Iametzak garatutako Asmazank galdera-erantzun jolasa egitea. Gune edo aplikazio libreak eta euskaraz dauden iturriak lehenetsi ditugu.

Gaur egun, nola lantzen ari dira digitalizazioa eskoletan?  

Digitalizazioa azkarregi egin zen, eta ez genuen astirik izan albo-kalteak aurreikusteko. Orain ikastetxe bakoitza bere erritmora ari da digitalizazio eredu akritiko eta instrumental batetik bestelako eredu batera igarotzen, eta ikasleen begirada kritikoa entrenatzen, bakoitzak bere erabakiak hartzeko. Batzuek, ordea, muturreko jarrerak bilatzen dituzte, eta hori arriskutsua da, ez dutelako batere laguntzen.  

"Ikastetxe bakoitza bere erritmora ari da digitalizazio eredu akritiko eta instrumental batetik bestelako eredu batera igarotzen"

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, bere aldetik, lehendabiziko aldiz markatu du curriculumean ikasle guztiek ikasketak amaitzean konpetentzia digital arduratsu batean trebatuak egon behar dutela, eta dimentsio teknologikoarekin batera dimentsio humanoa ere landu behar dela.  

Fokua erabileran jartzen du unitate didaktikoak. Osasunaren arloko adituek pantailaren aurrean pasatzen dugun denborari ere ematen diote garrantzia…

Garbi dago pantailaren aurreko minutuek garrantzi handia dutela, baina, nire ustez, hori bezain esanguratsua izango litzateke jakitea minutu horiek zertan, norekin eta zertarako ematen dituzten. Era berean, hori bezain garrantzitsua da jakitea mundu analogikoan zer moduz dagoen ikasle hori. Begiradan sakontzeak laguntzen digu erabaki kokatuagoak hartzen. Uste dugu arduratsuagoa dela gure ikasleak horretan prestatzea, muturretara eramatea baino. Azken finean, nahi duguna da gure bizitza digitala modu arduratsu, orekatu eta etikoan kudeatzen ikastea. 
 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.