Manteroekin bat taldeak diru bilketa du martxan, kale saltzaile bat babesteagatik espetxeratu nahi duten emakumea laguntzeko

  • 2025eko otsailean epaitu zuten Ainara Bilboko bi udaltzainen aurkako atentatu eta lesio delituengatik. 2023ko abuztuan, Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaile baten aurkako operazioa gelditzen saiatu zen, eta horregatik urte era hiru hilabeteko kartzela zigorra, 300 euroko isuna eta 3.000tik gorako kalte ordainak ezarri dizkiote; kalte ordainak zazpi egunen buruan ordainduta, kartzela saihes dezake.


2026ko urriaren 16a - 12:08
Ainararen epaiketa aurreko elkarretaratzea, iazko otsailean. Uriola
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Lagun nazakeenari, eskerrik asko”, horixe dio Ainarak Manteroekin bat plataformak martxan jarritako kanpainaren bideoan. Kontua ez da soilik ekonomikoa, denbora ere urria baitu Ainarak. Izan ere, iazko otsailean epaiketa egin ostean, eta errekurtsoa ukatuta, zazpi eguneko epea du kartzelara ez sartzeko; horretarako, ordea, kalte ordainak ordaindu beharko ditu. 3.000 eurotik gora dira, dagoeneko ia-ia osotasunean lortu dituzte, 150 donazio inguru lortuta. Kanpainak, gainera, antzerako plataformen babesa jaso du, Bartzelonako Top manta elkartearena, esaterako, bere sare sozialetan ere hauspoa eman diona.

Donazio kanpaina ez da izan elkartasun keinu bakarra, ordea. Epaiketaren egunean, iazko otsailean, elkarretaratze jendetsuak hartu zuen Ainara, Elkartasuna ez da delitua leloa ahotan. Ainarak berak ere, egindako adierazpenetan eta kanpainako bideoan, azpimarratu du Poliziaren esku-hartze “bortitz” bat ikusita, ezin izan zuela ezer egin barik geratu.

Epaileak, ordea, ez dio horrelakorik iritzi. Bi agenteren aurkako atentatu eta lesio delituak leporatu dizkio eta guztira urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra, 300 euroko isuna eta 3.000tik gorako kalte ordainak ezarri dizkio. Bere abokatuaren errekurtsoa ez du onartu, eta, beraz, hamar eguneko epean 3.000 eurotik gorako kalte ordainak ordaindu ezean, sei hilabetez kartzelara joan beharko du emakumeak.

Poliziaren jarduna, jomugan

2023an jazo zen Ainara kartzelara eraman dezakeen esku-hartze poliziala. Ordurako zenbait eragilek ohartarazia zuten Poliziak kale saltzaileen aurka erabiltzen duen indar justifikatu gabekoa, baina Ainararen kasuaz geroztik areagotu egin dira ahotsak. 2024ko Aste Nagusian entzun zen lehen aldiz Manteroekin bat leloa, orduan ere Udaltzaingoaren esku-hartze biolento baten ostetik. Harrezkero, urtero izan da Bilboko Konpartsen salaketetako bat Bilboko Udaltzaingoak, eta beraz Udalak, esku-hartze injustifikatu eta arrazistak egiten dituela.

Ainararen kartzela eskaera heldu da polizien jarduna fokupean dagoenean 2026an bi pertsona hil dituzte udaltzainek, bata Santurtzin (Bizkaia), Ander Sáenz; eta bestea Hondarribian (Gipuzkoa), Babacar Welle.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.