argia.eus
INPRIMATU
Manteroak eta etxeetako langileak protagonista, Arrazakeriaren Kontrako Egunean
  • Etxebizitza, osasuna eta lana bezalako eskubide funtsezkoetan eta eguneroko beste makina bat errealitatetan herritar askok bizi duten arrazakeria eta xenofobia salatuko dute egun hauetan Euskal Herrian, martxoaren 21 Arrazagatiko Diskriminazioaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 21a

Bizkaiko Sos Arrazakeriak asteazkenean bertan egingo du manifestazioa, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Arriaga plazan. “Hiritartasuna guztiontzat” lelopean, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziari aurre egiteko neurri integralak eskatuko dituzte.

“Bizirautea ez da delitua”

Nafarroako Sos Arrazakeriak ere komunikatua irakurri du aste honetan Udalean. Hala nola, kalean saltzen aritzen direnak izan dituzte gogoan eta Udalak berak Sanferminetako salerosketa ilegalaren aurka onartu zuen mozioa bertan behera uzteko eskatu dute; “bestela borrokan jarraituko dugu, gogoratzeko duin bizitzeko eskubidea dugula pertsona guztiek, eta ertzetara kanporatzen bagaituzte, ertzetatik bizirautera derrigortuta ikusiko dugula gure burua, eta bizirauteak ezin du delitua izan”.

Donostian, etxeko lanetan aritzen diren migratzaileak protagonista

Gipuzkoako Sos Arrazakeriak eta beste hainbat elkartek ere arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako XXII. Martxa antolatu dute, “Langileak gara, ez neskameak” lelopean, etxeko lanetan aritu ohi diren migratzaileak izango baitira protagonistak. Besteak beste, langile hauentzako ordutegi duina, bidezko soldata, kotizazio errealista, osasuna eta segurtasuna, eta kontrol eraginkorra aldarrikatu dituzte. Martxa igandean izango da, hilaren 25ean, eta Donostiako Gipuzkoa Plazatik abiatuko da 12:30ean.

“Pisua alokatzen da: etorkinik ez”

Errefuxiatuen harreraz arduratzen den CEAR-Euskadik ere komunikatua atera du eta kritikatu du EAEn etxe bila hasten diren etorkinak eta errefuxiatuak oso ohituta daudela esaldi hau entzutera: “Pisua alokatzen da: etorkinik ez”. Erakundeak azaldu duenez, “asiloa eskatzen dutenean, zehaztutako bide-orriaren arabera, 6-9 hilabeteko epe bat izaten dute, eta, aldi horretan, errefuxiatuak abegi-etxeetan bizi ohi dira, iritsierako lehen hilabeteetan oinarrizko beharrak estalita izan ditzaten. Arazoa aldi hori amaitzen denean hasten da; etxe bat alokatu behar izaten dute, beren kontura, beren gizarteratze-prozesuarekin jarraitzeko. Horrez gain, lana bilatu behar izaten dute” eta diskriminazioa agerikoa da arlo horietan”.