Mantagorria identifikatzailea sortu du EHKOlektiboak, etxalde eta produktu agroekologikoentzat

  • EHKOlektiboa elkarteak Mantagorria zigilua kaleratu du: Euskal Herriko etxalde eta produktuen identifikatzaile agroekologikoa. Hau aurkezteko, goiz osoko egitaraua prestatu dute urriaren 17an Ordizian (Gipuzkoa), eta azoka agroekologikoa, txikientzako txokoa, solasaldiak eta bertso saioa izango dituzte, identifikatzailearen aurkezpenaz gain.

Maitane Alvarez (Ordiziako Udala), Judit Gartzia (ENEEK-Ekolurra), Haizea Bengoetxea (EHKOlektiboa), Eli Pagola (EHKOlektiboa) eta Leire Arandia (D'elikatuz) Ainhoa Gutierrez / ARGIA CC BY-SA

2026ko urriaren 1ean - 12:45
Azken eguneraketa: 15:35
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Azken hamarkadetako elikadura ekoizpena mundu mailako industriarik boteretsuenetako bat bihurtu da; ingurumenari zor zaizkion ardura eta errespetuari erreparatzen ez dion industria. Laborantza eredu biziki kutsakor honen aurrean aterabide konkretu bat jalgitzen ari da laborantzaren sabeletik: Agroekologia. Berrikuntza eta jakintza tradizionala uztartzen dituen, eta ekologia laborantzaren erdigunean kokatzen duen eredua". Horrela kokatu du gaia EHKOlektiboak. 

Horren aurrean, Euskal Herriko hainbat laborari agroekologiaren eredua definitu eta identifikatzeko lanetan dabiltza komunitate bizien eta lur emankorraren arteko harreman orekatua berreraikitzeko. Orain pauso berria eman dute: Mantagorria identifikatzailearen bidez, EHKOlektiboak defendatzen duen eredua indartzea bilatzen du, Euskal Herriko egoerara egokituta, “tokikoa, pertsonen neurrikoa eta eraldatzaile”, sustatzaileen hitzetan. Prozesu honen baitan funtsezko bidelaguna izan da Biharko Lurraren Elkartea, eta helburu nagusia lehen sektorea eta herritarrak saretzea da, hauek ere sistemaren “eragile aktiboak” bihurtu daitezen.

Urriaren 17an Ordizian ospatuko den topalekua eredu bizigarri baten lanetan aurrerapausoa bihurtuko da, Haizea Bengoetxea laborariaren hitzetan “kolektiboan elkartzea baita gure indargunea”.


Agroekologia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.