Ugari dira astearterako eginak dauden deialdiak, Euskal Herriaren burujabetza faltarekin eta asimilazioaren aurkako borrokarekin lotuta. Ezpeletan U14 kolektiboak “Asimilazioa borrokatu” lelopean eginen du manifestazioa; Iruñean kalejira deitu dute 17:00etan "hemen herri bat martxan dagoela aldarrikatzeko", eta Irun eta Hendaia artean giza katea egingo dute euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko.
Asteartea jai egun arrotza da Ipar Euskal Herrian, Frantziako Egun nazionala izendatzen baitute uztailaren 14a.
U14 Kolektiboak Frantziako Estatuaren zapalkuntza salatuko du Ezpeletan, Frantziako besta nazionalaren egunean.“Asimilazioa borrokatu” lelopean eginen dute manifestazioa, eta 19:00etan abiatuko da martxa, herriko merkatu estalitik. Mobilizazioan parte hartzera deitzeko helburuarekin, ekintza bat gauzatu zuten pasa den astean: “France” jartzen zuen seinale handi bat eraitsi zuten, La Hainek jaso duenez.
Horrez gain, Espainiako eta Frantziako estatuen artean jokatuko da Munduko Futbol Kopako norgehiagoka 21:00etan.
Azken orduan, biharko Iruñerriko hainbat kolektibok kalejira herrikoia antolatu dutela jakinarazi dute prentsara igorritako oharrean. "Espainolismo atzerakoiaren olatuaren aurrean, ez dira pasako!", diote.

Orain egun batzuk, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko giza katea ere deitu dute, Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian. Antolatzaileak Zazpi Baietz, Gu ere Bai eta Gure Esku mugimenduak dira eta 17:00etan izango da. Jendarteari parte hartzeko deia luzatu diote, «euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko». Horretarako, Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin hurbiltzeko eskatu dute.
