Milaka manifestarik protesta egin dute Genevan G7ko goi-bileraren kontra, eta istiluak sortu dira amaieran

  • Frantziako agintariek ez dute manifestaziorik baimendu, eta, beraz, No G7 taldeak Genevan egin du mobilizazioa. Manifestari talde batek harriak eta bengalak jaurti ditu, eta poliziak negar eragiteko gasa bota du. 


2026ko ekainaren 15ean - 11:56
Azken eguneraketa: 16:36
Manifestariak G7 gailurraren aurka protestatzen Genevan, igande honetan. Sare Antifaxista
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Milaka pertsona –20.000, Poliziaren arabera; 60.000, antolatzaileen arabera– batu dira igande honetan Genevan (Suitza) G7aren gailurraren kontra protesta egiteko. Munduko zazpi herrialde boteretsuenen arteko goi-bilera astelehen honetan hasi eta asteazkenean akituko da Évian-les-Bains hirian (Frantzia). 

No G7 kolektiboak, 60 elkarte, sindikatu eta ezkerreko talde baino gehiagok osatutakoak, antolatu du manifestazioa. Martxa Évianen egin nahi zuten antolatzaileek, baina Frantziak mobilizazio oro debekatu du. Hortaz, Genevan egin dute, Évianetik 45 kilometro eskasera.  

G7ko gailurraren kontrako manifestazioak eta martxa feminista batek bat egiten dute Genevako kaleetan. Modu baketsuan hasi arren, manifestari batzuek harriak eta bengalak jaurti dituzte NBEren eraikin batzuen aurka, eta Tesla auto bati su eman diote. Suitzako Polizia manifestariei oldartu zaie, eta negar eragiteko gasa jaurti du manifestariak sakabanatzeko.

Évian, G7rako blindatuta

G7ak astelehen honetan hasiko du bere urteroko goi-bilera Évianen, eta protesta ugari daude iragarrita, hilaren 19ra arte. Frantziak segurtasun dispositibo handi batekin blindatu du 10.000 biztanle eskaseko hiria; guztira, 16.000 polizia eta militar. Suitzak ere 4.000 militar inguru jarriko ditu goi-bilerak iraun bitartean. 

Ekialde Ertaineko gatazka eta Ukrainako gerra izanen ditu gai nagusi, eta Iranen gerra piztu zenetik Alemania, Kanada, Amerikako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko buruzagiak elkartuko diren lehen aldia izanen da.

Bazkide gonbidatuak ere joanen dira; hala nola, Brasil, Hego Korea, India, Kenya eta Egipto, baita gatazketan zuzenean inplikatuta dauden herrialdeak ere; Qatar, Arabiar Emirerri Batuak eta Ukraina, bertzeak bertze. Era berean, Europar Batasuneko ordezkariak ere bertan izanen dira; Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta António Costa Europako Kontseiluko presidentea, hurrenez hurren.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...