Mallabiko Enerpac lantegiko 43 pertsonaren kaleratzea salatu du LABek

  • Enerpac Spain enpresako zuzendaritzak eman du kaleratzeen berri, eta LABek erran du ez duela onartuko "lurraldean enplegua suntsitzea jarduera beste leku batzuetara eramateko, azalpenik eman gabe". Horrez gain sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzaren industria politika ez dela "gai herrialdeko enplegua eta industria babesteko".


2026ko azaroaren 3a - 11:47
Azken eguneraketa: 22:32
Mallabiko Enerpac enpresaren egoitza.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehenean ateratako ohar batean eman du Mallabiko (Bizkaia) enpresaren itxieraren berri LABek, eta horrek enpresako 43 langileren kanporaketa eta langabezia ondorioztatuko lukeela nabarmendu du. "Enpresak iragarri du azaroaren 5ean hasiko dela enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia, baina, gaur egun, oraindik ez du aurkeztu erabaki horren arrazoi zehatzak ezagutzeko beharrezko dokumentazioa". 

Enpresak "errekorreko etekinak" egin dituela gehitu du; azken ekitaldi fiskaleko emaitzak aurkeztu berri ditu, "milioika dolarreko errekor-fakturazioa" erakusten dutenak. Mota horretako multinazionalek nola jarduteko ohitura duten azaldu dute: "Urteetan langileen lana, ezagutza eta konpromisoa aprobetxatzen dute negozioa egiteko, eta, ekoizpena berrantolatzea erabakitzen dutenean, lurraldetik alde egiten dute, langileentzako eta haien familientzako ondorioei erreparatu gabe".

Sindikatuak, gainera, deslokalizazioaren azalpenak galdegin dizkio enpresari, "ekoizpenarekin zer egingo duen, nora eraman nahi duen eta zergatik uste duen esperientzia eta ezagutza industriala duen plantilla bat bazter dezakeela". LABek zera eskatzen dio zuzendaritzari: "Erabakia bertan behera uztea, informazio guztia mahai gainean jartzea eta alternatibak aurkezteko jardueraren jarraipena eta 43 lanpostuak bermatzea".

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzaren aldetik "benetako politika industrial baten falta" mahai gaineratzen du erakundeak, eta industriaz, lehiakortasunaz eta enpresa-sustraietaz hitz egitea ez dela nahikoa. Enpresa baten itxieraren aitzinean, "ekimena izan behar" dela erran dute, "enplegua babesteko eta hemen egindako lanari esker etekinak lortu dituzten enpresei erantzukizunak eskatzeko".

 


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.