Malenkonian galdutako kamaraden omenez, komikia eta biniloa eskaini dizkiote ate gorriari

  • Bi aste falta direnean maiatzaren 27rako, Ategorrietako sarraskiaren 95. urteurrenerako, aurkeztu du ARGIAk Ategorrietan Fisterra komikia. Baita lan grafikoari loturiko soinu banda ere, bi kantuko biniloa. Jendez bete da Donostiako Parte Zaharreko Kripta aretoa, San Jeronimo kalean. ARGIAk eskaintza berezia du maiatzaren 20ra arte: harpideduna eginez gero, eskatu komikia doan.

Ezker-eskuin: Beñat Apalategi, Malen Gainzarain, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitz Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko maiatzaren 14an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Maiatzaren 27an beteko dira 95 urte Ategorrietako sarraskitik. 1931ko egun hartan, Bigarren Errepublika aldarrikatu eta hilabetera, Pasaiako (Gipuzkoa) Trintxerpe auzotik abiatu zen arrantzaleez eta haien senide eta lagunez osatutako manifestazio jendetsua, Donostiara bidean. Ategorrieta parean gelditu zuen mobilizazioa Guardia Zibilak. Tiroka erantzun zuten: zazpi langile hil eta makina bat zauritu zituzten. XX. mendean, gerra egoeratik kanpo, Euskal Herrian gertaturiko langileen aurkako krimenik lazgarriena izan zen.

Komikiaren gidoigintzan aritu den Beñat Apalategik egin du gogoeta: “1976ko Gasteizko gertakariak ezagutzen ditugu, martxoaren 3koak; baina nola da posible Ategorrietako sarraskiaz ezer ez esatea, ezta ezaguna izatea ere donostiarrontzat?”. Azken urteotan gero eta lanketa handiagoa egiten da, hainbat eragileren zein Pasaiako Udalaren bitartez, baina oraindik ere urrun da gaia gizarteratzetik.

Ahanztura horri hiru arrazoi ikusten dizkio Markel Ormazabal gidoigileak: lehena, sarraskia gertatu eta bost urtera 1936ko Gerra piztu eta 40 urteko diktadura abiatu zela, eta horrek transmisio eten ezinbesteko bat eragin zuela; bigarrena, “memoria deserosoa” dela, zeren, nahiz eta guardia zibilek eragindako gertakari bati buruz hitz egin, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri eta hilabetera gertatu zen, eta funtsean, “ezkerrekoen arteko gatazka bat” izan zen; eta gertakariak ahanzteko hirugarren eta azken arrazoia Donostiari egotzi dio Ormazabalek: “Nahiz eta garrantzi historiko handia izan, hiri honek nahiago izan du ahaztu, hiriaren iruditegia beti egon delako bake sozialari eta edertasunari lotuta; hiri honen berezko kontu bat da”.

Urko Apaolaza ARGIAko kazetaria gidari lanetan, eta bere ezkerrera ditu lau egileak. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Urko Apaolaza ARGIAko kide eta liburuaren editore lanak egin dituen kazetariak gidatu du egileen arteko solasaldia. ARGIAren izenean, aitortu du komunikabide honentzat “benetan pozgarria” dela horrelako liburu bat aurkeztea, duela 95 urte izandako gertaera lazgarri batzuk ekartzen dituelako gogora, orain gutxi arte “oso ezezagunak” zirenak Euskal Herrian. Baina batez ere da interesgarria kontakizunak gertakariok ekartzen dituelako “modu oso berezian”; ez soilik formatuagatik, baita edukiagatik eta duen ikuspegiagatik ere. “Gure kazetaritzaren xedea ere bada Historiaren orrialdeek ahaztu dituzten 'istorioak' kontatzea”, azaldu du Apaolazak.

“1976ko Gasteizko gertakariak ezagutzen ditugu, martxoaren 3koak; baina nola da posible Ategorrietako sarraskiaz ezer ez esatea, ezta ezaguna izatea ere donostiarrontzat?”

Pertsonak eta pertsonaiak

Zazpi langile hil zituzten Ategorrietan. Horietako bat izan zen José Novo galiziarra. Haren biloba, Cristina Novo, komikigileei baliagarri izan zaie informazio eta dokumentazio lanerako. Izugarrizko lanketa egin dute alde horretatik, baina argi izan dute, lehen unetik, ez zutela sarraskia “txosten moduan” kontatu nahi. Hala adierazi du Lander Arbelaitz gidoigileak, “literatur lan bat” izan dutela desio. Eta aldi berean, 1931ko Donostia ere erretratatu nahi izan dutela: “Donostiaren iraganaz hitz egitean, badirudi dena dela Belle Époque, baina langileak ziren donostiarren gehiengoa, ez jauntxoak”.

“Donostiaren iraganaz hitz egitean, badirudi dena dela Belle Époque, baina langileak ziren donostiarren gehiengoa, ez jauntxoak”

Horregatik, fikziozko lau pertsonaia sortu dituzte. Bata Andere, Trintxerpeko emakume langile bat; beraren bitartez ezagutuko du irakurleak Pasaiako arrantzale grebaren bilakaera. Bigarrena Xebero, Donostiako Sagues auzoko mutiko euskalduna; euskarak eskolan eta kalean zuen egoera kontatu dute beraren bitartez. Hirugarrena Añes, Londres Hotel ezagunean lan egiten duen behargin prekarioa. Eta laugarrena Abelin; gazte abertzale bat da, soldaduska egiten ari dena Loiolan. Ategorrietara joatea egokituko zaio, eta desobediente jokatzea erabakiko du; ez du manifestazioa geraraziko, ez du tiro egingo, nahiz eta aurreraxeago Guardia Zibilak hala egin. 

Eta ideia horiek guztiak nola ilustratu? Malen Gainzarainengana jo zuten hiru gidoigileek, Apalategik, Ormazabalek eta Arbelaitzek. “Burua sartuta nuen album ilustratuen munduan, baina hau iritsi zitzaidanean guztiz berria zen niretzat”, aitortu du Gainzarainek. Erronka handia izan zaio. Zeren, estilo aldetik, halako gai serio batek ez zuen lan erraza eskatzen: “Dinamismoa lortzea eskatzen zidan istorioak, eta aldi berean sinplifikazioa; estatikoa izatea, eta detaile askokoa”. Aitortu du ikasketa handia izan dela berarentzat, eta benetan gustura agertu da emaitzarekin.

Lehenbiziko zeregina izan zitzaion Ategorrietako gertakaria ezagutzea. “Nik ez nuen ezagutzen, nire inguruan ere ez, eta nire amonak, 97 urte dituela, berak bai zuen zerbait entzuna, baina oso gutxi”, adierazi du Ganzarainek. Marrazkiak egiteko, lehenik artxiboko irudi mordoa ikusi eta baliatu ditu, inspirazio gisa; eta gero, gidoigile bakoitzari eskatu dio pertsonaien deskribapena egiteko, detaileak hartzeko. “Hortik sortu dira marrazkiak”.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Hizkuntza eta hizkera

Garrantzi berezia du erabilitako hizkuntzak (euskaraz da oro har) eta hizkerak. Arreta ipini diote egileek horri; izan ere, nola hitz egingo lukete 1931ko protagonistek?

Fikziozkoak dira pertsonaiak, eta fikziozkoak dira, beraz, solasak. Baina argi zuten “situazioen arabera euskara bat edo beste” erabili behar zutela, hala aitortu du Arbelaitzek. “Joan den udan, komikian bete-betean sartuta ginenean, urduritasunean, euskara jasoa erabili ala ez, Koldo Izagirrerengana jo genuen; berak esan zigun: ‘Hizkuntzak errespetua merezi du, baina hizkerak ez’. Hiruon artean komentatu genuen, eta ez genuen ondo ulertu zer esan nahi zuen, bakoitzak gauza bat ulertu zuen”. Barre egin du Kriptara bertaratu den publikoak. “Eman zizkigun garai hartako euskarazko liburu batzuen erreferentziak, eta esan zigun badaudela hitz batzuk gaur egun erabiltzen direnak baina garai hartan ez; adibidez, bezero hitza erabili beharrean, kliente erabiltzeko aholkatu zigun. Eta abar luze bat”. Hortik tiraka, azkenean, testu guztiak erakutsi zizkioten Izagirreri, eta hark, bueltan, banan-banan aldaketak proposatu zizkien. 

Oso eskertuta agertu dira Izagirreren laguntzarekin, bultzada handia izan zela diote. Hala ageri da bere izena ere, komikiko kredituetan, hizkuntza-aholkulari gisa. Hitzaurrea ere berak idatzi du, baita amaieran kokatu duten poema bat ere.

Istorioaren amaiera partera, berriz, bada galegozko pasarte bat. Apropos egin dute horrela: “Ez dago itzulpenik, irakurleari ahalegin txiki hori ere eskatzeko, eta galegoa euskal hiztunari ere hurbiltzeko”. Baina “lasai egon”, finitu du Arbelaitzek: “Dena ulertzen dugu, saiatuz gero”.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Biniloa: komikiaren soinu-banda

Donostiako Niña Coyote eta Chico Tornadok eta Galiziako Bala taldeak elkarlanean ondutako kantua eta bideoklipa jarri dizkiote Kriptako publikoari, atzean proiektatuta, Ategorrietan Fisterra proiektuaren aurkezpen ekitaldia hasteko. Bi talde horiek propio sortu dute kantua, gidoigileek hala eskatuta, komikiari soinu banda ezartzeko. Malenkonian galdutako kamaradak dio abestiak, oihu betean kantatuta.

“Brainstorming batetik etorri zen ideia, eta hainbat aukeraren artean, biniloa egingarri ikusi genuen”, adierazi du Apalategik. “Lehenengo kanturako poesia bageneukan, galegoz, eta musikatzea ona ikusi genuen; talde galiziar bat behar zuen izan, eta gu Bala taldearen zale izanik, haiei esateaz gain, Niña Coyote eta Chico Tornadori ere bota genion proposamena, eta gustura heldu zioten erronkari”. Bi taldeek, gainera, ekimen honen bitartez, harremana ondu dute, eta kantu gehiago ari dira grabatzen elkarrekin, proiektu honez aparte.

Bigarren kantua, berriz, Beñat Gaztelumendiren bertsoekin osatu dute: Ategorrietako sarraskiari. Sorta ordurako bazeukaten, komikian sartzekoak zirelako, baina aproposa iruditu zitzaien kanturako ere, eta Gailu andoaindarrei eta Nakar donostiarrei luzatu zieten eskua; haien arteko kolaborazioa da bigarren kantua. Entzulea harrapatzen dute kantuko hitz hauek: Hau ez da istorio bat; historia da. Material horiekin egin dituzte bi bideoklipak. Lehena Arkaitz Artolak egin du, eta bigarrena Peru Isasik. Biek ala biek Gainzarain ilustratzailearen marrazkiekin osatu dute bideoa.

Hurrengo hitzorduak

Lehen jendarteratze horrez aparte, maiatzaren 21ean Donostiako Gros auzoko Marruma elkartean egongo dira egileak. Izan ere, hainbat ostegunetan jendaurreko bideopodcasta grabatzen dute Marruman, eta Ategorrietan Fisterra proiektuko kideak izango dira gonbidatuak egun horretan. 19:00etan grabatuko da, publikoarekin.

Bestalde, sarraskiaren 95. urteurrena maiatzaren 27an izango da, asteazkenez. Pasaiako Udalaren babesaz argitaratu da Ategorrietan Fisterra komikia, eta udal horrek hainbat ekintza antolatuko ditu egun horretan; goizean, besteak beste, mural bat margotuko dute, eta irudigileak propio erabiliko ditu komikian ageri diren irudiak eta estiloak. Arratsaldean, berriz, Ategorrietan Fisterra proiektua aurkeztuko da Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan. 

Aurreikusitako agenda ekainaren 11n borobilduko da, biniloaren aurkezpenarekin. Ostegun horretan Donostiako Egia Recordsen egingo da aurkezpena, 18:30ean. 

*** Zure herrian aurkezpen edo hitzaldiren bat lotu nahiko bazenu, idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.