Malen Grünigi eta Aratz Bilbaoren espetxeratzea salatu du Askek Bilboko manifestazioan

  • Manifestazioa egin dute larunbatean ehunka herritarrek. Grunigi eta Bilbao “Poliziaren azpijoko” baten biktimak izan direla gaitzetsi dute, “inolako baliorik” gabeko frogetan oinarritutako atxiloketak direla argudiatuta. “Talde terroristako kide” izatea edo lehergailuak izatea leporatuta espetxeratu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak.


2026ko azaroaren 2a - 10:47
Azken eguneraketa: 2026-11-05 17:16
Larunbatean Bilbokon egindako mobilizazioa Aske.antolakundea
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Urriaren 17an atxilotu zituzten Grunigi eta Bilbao Irunen (Gipuzkoa), komisariara bere kabuz aurkeztu zirenean. Delitu larriak egozten dizkie Auzitegi Nazionaleko Antonio Piña epaileak, hala nola “talde edo erakunde terroristako kide" izatea, “bake publikoaren aurkako atentatua” egitea edo “armak eta lehergaiak fabrikatzea eta edukitzea”.

Errepresioaren aurkako antolakundeak egoera hau salatzeko mobilizatzera deitu zuen Bilbon larunbatean. Ehunka lagun batu ziren Muntai polizialik ez! Malen eta Aratz askatu! lelopean, eta Presoak kalera, amnistia osoa!, Malen eta Aratz askatu! eta Espetxeak apurtu! oihuak izan ziren nagusi. Askek ohartarazi du atxiloketa eman zenetik beren helburu nagusia bi espetxeratuen aurkako “kanpaina mediatikoari aurre egitea” eta “elkartasun keinua adieraztea” izan dela, “istilurik sortu gabe”.

Espetxeratuen egoera

Mobilizazio amaieran egindako ekitaldian, Kai Karasatorre Askeko kideak Grunigi eta Bilbao Estremerako kartzelan jarraitzen dutela adierazi du, bakarkako ziegetan, Bilbotik 458 kilometrora. “Une oro bakartuta” daudela azpimarratu du, bakartzea “tortura forma bat” dela azpimarratuta. Askek duen informazioaren arabera, senideekin duten harremana ere murritza da, eta dei guztiak grabatzen dituzte. 

Epaileak aipatutako frogei buruz ere mintzatu da Karasatorre, horiek “inolako baliorik” ez dutela mahaigaineratuta: “Hainbestetan aipatu dituzten ustezko zuloetan ez dute ezer aurkitu, su itzalgailuak margoz betetzea lehergailuen fabrikaziotzat hartu dute, eta pintaketak egitea eta propaganda politikoa zabaltzea ‘bake zibilaren aurkako delitu’ bilakatu dute”.

Prozesu judizialaren helburu nagusia “militantzia politikoa kriminalizatzea eta Euskal Herriko langileen artean beldurra eta otzantasuna hedatzea” dela salatu du Askek, “antolatuta dagoen pertsona oro epaile eta polizien jo puntuan jarri, eta militantzia politikoa kriminalizatzeko”. Azkenik, Euskal Herrian kasua berria ez dela ohartarazi du, eta Altsasuko gazteek sufritutako muntai poliziala eta terrorismo delituak gogora ekarri ditu.


Irakurri gehiago: Errepresioa Politika
Errepresioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.