Korrikaren “txinpartari” eutsiz, ordubeteko doako euskarazko saioak antolatu ditu asteazkenean AEK-k Euskal Herri osoan. Euskara ikasten hastera animatzeko, Hamabigarren Eguna deituriko ekimena antolatu dute, doan. Euskara ikasteak unibertsala izan behar duela defendatzen du AEK-k, hau da, doakoa edonorentzat, eta salatzen dute baliabide falta ezin dela horretarako oztopo izan. Orotara, 200 pertsonak baliatu dute aukera gure hizkuntzari heltzeko oinarrizko ikastaroa jasotzeko, antolakuntzak emandako datuen arabera. Villabonara bertaratu da ARGIA.
Lau kide hurbildu dira Villabonako ikastarora, urduri hasieran: galiziar bat, nikaraguar bat eta Peruko anaia-arreba bi. Hasieratik gogotsu azaldu dira. AEKko irakaslearekin batu eta udaletxean egokitutako gela batera joan dira, eta arbelaren eta telebistaren aurrean saioari ekin diete. Irakasleak fitxa batzuk banatu ditu, saioa jarraitzen laguntzeaz gain, teoria etxean errepasatzeko aukera ematen dutenak eta QR bidez ariketa gehigarriak eskaintzen dituenak.
Hainbat helburuk gerturatu dituzte kideak ikasgelara: hizkuntza bat ikastearen “aberastasunak”, kalean entzundakoa ulertzeak, hizkuntzarekiko “jakin-minak” eta “kanpora joatean euskaraz jakiteak ematen duen intimitateak” azaldu dute, barre artean. Hala ere, pizgarri amankomuna izan dute: sakonean euskaraz ikastera bultzatu diena maitasuna izan da. Maite dutenari ulertzeak eta haren hizkuntzarekin bat egiteak ekarri ditu euskaraz ikasten hasera. Etxean, familian edo lagun artean hitz batzuek erabiltzen dituzten arren, hitz horiek esaldi batean jarri eta maite duten horri esaten jakin nahi dute, izan bikotekidea, haurra edo iloba.
Ez da lehen aldia euskara ikastera gerturatu direna, baina denbora falta, ordutegi arazoak eta euskaltegia gertu ez egotea oztopo izan dituzte. Gainera, bi lagunek azaldu dute euskara ez dagoela presente beraien egunerokoan eta zaila izaten dela lotsak atzean utzi eta euskarara jotzeko saltoa ematea. Hala ere, Villabonan zein aldameneko herrian irailean egingo diren eskaintzen berri izan nahi dutela adierazi dute saioaren ostean, euskara ikasteko gogoa dutelako.
Baikor azaldu dira saioarekin, hizkuntza bat zerotik hastea ez baita lan xamurra, baina AEKk planteatutako euskarri bisual eta praktikoak gustuko izan dituzte, "paperetik haratago teoria ikasteko bideak" eskaini dituelako. Irakasleak ikus-entzunezko euskarri eta ariketa dinamikoen bidez agurtzen, norbere burua aurkezten eta egunerokorako baliagarriak izango zaizkien esaldiak irakatsi dizkie, umore ukituarekin. Amaitzeko, orri zuri bana banatu die, egunerokorako baliagarriak izango zaizkien erdarazko hitzak nola esaten diren ikasi eta etxera zerrenda bat eramateko.
Doako saioak “larrialdi linguistikoaren” testuinguruan Korrikak sortzen duen “olatuari” jarraipena emateko bidea izan direla adierazi dio Aize Otaño AEKko Nazio Kontseiluko kideak ARGIAri. Euskara “denontzat aterpe” izan beharko litzatekeela azpimarratu digu AEKko prentsa arduradun Ana Castrok eta aurreiritzi eta beldurrei aurre egiteko modu didaktiko eta praktiko gisa ikusi dute ekimena.
AEKk balorazio positiboa
200 pertsonak hartu dute parte deialdian, ekimenaren inguruko balorazio positiboa egin dute AEKko kideek eta emaitzak iraileko matrikulazioetan islatzeko esperoan dira. Iraila iritsi bitartean ordea, hamabigarren egunaren ekimenarekin jarraituko dute. Hurrengo hitzordua maiatzaren 21ean antolatutako mintzodromoetan izango dute, euskaltegiak dauden herri guztietan. “Euskaraz eta euskararen gainean” hitz egiteko helburua du jarduerak.