Maiatzaren 9an, manifestazioa: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde!

  • Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatuaren aurrean, ELAk, LABek eta STEILASek manifestaziora deitu dugu euskararen eta gaztelaniaren estatus juridikoa parekatzea exijitzeko.


2026ko apirilaren 24an - 13:37
Azken eguneraketa: 15:24
ELA, LAB eta Steilas sindikatuen protesta bat Iruñean. ELA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sindikatuok aldarrikatu dugu euskarak erabateko ofizialtasuna behar duela eta enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar direla, euskararik ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskainiz.

Euskaldunon oinarrizko hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan da. Eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuk euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatua eragiten ari dira, eta erantzun antolatua ezinbestekoa da. ELA, LAB eta STEILASen eskaera oso sinplea da: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea gauzatu dadila eta horretarako neurriak hartu daitezela.

ELAk, LABek eta STEILASek euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu. Beste eragile batzuk, aldiz, administrazioaren euskalduntzea zapuzteko azpijokoan ari dira, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzeko asmoz. Hori guztia salatu duten euskalgintza eta euskaltzaleak kriminalizatzen saiatzen ari dira. Kriminalizazio horrek helburu politiko argia du: PSE-EE alderdiarentzat onargarria den lege-proposamenak adostea. ELAk, LABek eta STEILASek eragile sindikal eta politiko guztien zilegitasuna defendatzen dugu beraien iritziak emateko. Hori esanik, sindikatuoi onartezina iruditzen zaigu gaztelaniaren nagusitasuna inposatzea beste helbururik ez duten eragileei beto eskubidea onartzea, edota euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntza ontzat ematea.

Eusko Legebiltzarrean EAEko egitura politikoa eztabaidatzeko eta Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesuak irekita daude. Momentu garrantzitsua da, herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatuko dituzten lege bermeak eztabaidatu litezke edo gizartean zein administrazio publikoetan azken urte luzeetan egindako ibilbidean atzerapauso nabarmenak ekarriko dituen erabakiak hartu. Sindikatuen iritziz, orain da kaleak hartzeko unea, euskaltzaleon hizkuntz eskubideen bermea jokoan baitago.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak, oro har, zapalduak daude eta bizitzako funtzio guztietan euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatu beharra dago. Aurrekoa esanik, zerbitzu publikoetan ez badago euskarazko zerbitzua bermatzerik eta ez badago euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzerik, ezinezkoa izango da beste edozein esparrutan euskalduntzean urrats esanguratsuak egitea. Horregatik, ELA, LAB eta STEILASentzat ezinbestekoa da Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidan bi hizkuntzen exijentzia parekatzen dituen lege-proposamena abiapuntu gisa hartzea. Hiru sindikatuok EAJri dei egiten diegu parekatze horrekin egiten duten proposamenarekin bat egiteko, euskara legez babestuko ez duen beste proposamenetik aldenduz.

Eragile euskaltzaleen bazterketaren adierazle da, era berean, Eusko Jaurlaritzak ELA eta LAB Euskararen Aholku Batzordeko Eremu Sozioekonomikoko taldetik bota izana, sindikatu bi hauek izan direnean lan-munduaren euskalduntzea lortzeko neurri ausartak eta baliabideak exijitu dituztenak.

Oldarraldi antolatuak erantzun antolatua behar duelako, ELAk, LABek eta STEILASek euskal langile eta euskaltzale guztiak mobilizaziora deitzen ditugu helburu hauekin:

1: Lan mundua euskalduntzeko neurri eta arauak onartzea:

       - Enplegu Publikorako Legearen aldaketak ezinbestean hiru oinarri izan ditzan:

                -Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.

                -Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.

                -Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.

        - Lantoki pribatuetan euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko plangintzak negoziatzea eta bultzatzea, baliabide nahikoa jarriz euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu arte.

2: EAEn euskarak eta gaztelaniak ofizialtasun maila bera izan dezaten aldarrikatzea edozein estatus juridikoren eztabaidaren abiapuntu gisa.

3: Euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzen dituzten eragile guztiak babestea eta Eusko Jaurlaritzak ELA eta LAB baztertzeko hartu duen erabakia salatzea.

Euskaldunon aurkako zapalkuntza eta bazterketa saiakeren aurrean, plazak betetzeko eta antolatzeko deia egiten dugu ELAk, LABek eta STEILASek. Maiatzaren 9an langile gisa eta euskaltzale gisa Bilbora joateko deia egin dugu, lehen urrats gisa; ondoren, ekainaren 13an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Iruñea euskaltzalez betetzeko deia egin dugu sindikatuok.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.