argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak
  • Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.

Bertsozale.eus @bertsozale 2025eko maiatzaren 19a
2023ko txapelketako aurrekanporaketetako argazki bat, Etxaurin. Bertsozale Elkartea

Urriaren 4an abiatuko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, azaroaren 29ra bitarte luzatuko dena. Horren aurretik, ordea, bi sailkatze saio jokatuko dira, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Maiatzaren 23an Iruñean eta 30ean Jauntsaratsen jokatuko dira bi saio horiek, eta hamabi bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian –2023koan– parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2023koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, sailkatze fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken sailkatuak ere batu zaizkie horiei guztiei. Gauzak horrela, hemezortzi bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta hamabi aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik seik lortuko dute sailkapen txartela –saioetako irabazleek, eta puntuazioaren araberako lehen laurek–, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian. Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.

Sailkatze saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke (5 euroan arruntak, 4 euroan bazkideenak, eta 3 euroan 18 urtetik beherakoenak). Iruñeko eta Basaburuako Udalak egitasmoaren laguntzaile dira. Hauexek dira bi saio horien xehetasunak:

IRUÑEA. Peña Rotxapea. Maiatzak 23, ostirala, 18:30ean
Aitor Irastortza Arrizurieta
Etxahun Azkarraga Fernández
Jabi Lezaun Landa
Julen Bernaldo de Quirós Royo 'Berni'
Peio Ardaiz Gale
Xabi Maia Etxeberria

Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo Ferrero

JAUNTSARATS. Apeztegiberriko ganbara. Maiatzak 30, ostirala, 18:30ean
Amaia Elizagoien Varela
Bittori Elizalde Soto
Endika Legarra Nuin
Fernando Ziganda Urdanpileta
Kattin Madariaga Apaolaza
Mintxo Astiz Goñi

Gai-jartzailea: Ander Aranburu Arriola