Maiatzaren 1ean dozenaka manifestazio egingo dituzte sindikatuek Euskal Herrian. Justizia soziala edota langileen aldeko politikak aldarrikatzearekin bat, AEB eta Israel protagonista nagusitzat dituen inperialismoa eta faxismoaren aurka egingo dute, besteak beste. Hego Euskal Herrian bananduta mobilizatuko dira, eta Ipar Euskal Herrian gehienak elkarrekin.
ELA, "justizia sozialaren alde eta faxismoaren aurka"
ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu mobilizazio nagusiak, SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte lelopean, "justizia sozialaren alde eta faxismoaren zein inperialismoaren aurka borrokatzeko".
Bilbon, ekitaldi nagusia 11:30ean izango da Jesusen Bihotza plazan, eta ondoren manifestazioa egingo dute Plaza Zirkularreraino. Iruñeko manifestazioa Erorien Monumentuan hasiko da 11:30ean, non eraikina eraistea eskatuko duen.
LAB: "Genozidek jo-puntuan dituzte langileak"
"Gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak" aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren 1ean. Orotara 26 manifestazio egingo ditu sindikatuak Euskal Herrian; Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri aldarrikatuko ditu: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak nazioarteko testuinguruari egin dio erreferentzia: “Munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran… Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jo-puntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da”.
Baionan eta Maulen, intersindikalarekin
LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuak elkarrekin mobilizatuko dira Baionan eta Maulen. Langile klasea antolatua, borrokan batua! lelopean egingo dute manifestazioa, 11:00etan, Santa Ursula plazatik Gaskoinen plazara.
Lau sindikatuek adierazi dute Lecornuren gobernuak, patronalarekin eta eskuin muturrarekin eskuz esku, Maiatzaren Lehenari "eraso" egin nahi diola, "100 urte baino gehiagoko borroka sozialaren historia zapalduz". Dei egin dute "langile klasekoak garela harro aldarrikatzera" eta langileen eskubideen alde borroka egitera. "Enplegua dutenei eta ez dutenei, paperak dituztenei eta ez dituztenei, erretretadunei zein ikasleei" kalera ateratzeko deia luzatu diete.
Mobilizatzeko hamaika arrazoi daudela diote: lan baldintzen okertzea, ordaindu gabeko aparteko orduak, kanporatze bidegabeak, opor ordainduen lapurreta, prekaritatea eta pobrezia, antolaketa sindikalerako oztopoak, jazarpena, diskriminazioa, lan istripuak eta laneko gaixotasuna... "Patronalak, gobernuaren babesarekin, egiten dituen erasoen aurrean, erantzun kolektiboa eman beharra" nabarmendu dute, baita sindikatuetan afiliatzearen garrantzia azpimarratu ere. Halaber, "antifaxismoa" ere aldarrikatu dute, "lantokietan ere eskuin muturreko diskurtsoak eta ideiak eta normalizatzen ari diren sasoi hauetan".
Soldaten prekarizazioaren eta inperialismoaren aurka
ESK, Steilas, CGT, Alternatiba eta Bake Ekintza Antimilitarista batera mobilizatuko dira, Langileok batu, inperialismoaren kontra, bizitzaren alde lelopean. Iruñean, Solidari eta CNT batuko zaizkie –CNT bere kasa mobilizatuko da Bilbon–.
"Maiatzaren 1 honetan, langileok kalera aterako gara bai gobernuei bai patronalei erakusteko ez dugula onartuko gure kontura aberasten jarraitzea, gu pobretzen gaituzten bitartean", adierazi du ESK-k. "Are gutxiago, hori guztia gerrak eta esku-hartze inperialistak justifikatuz egitea, ekinez edo ez ikusiarena eginez". "Langileok jada galdu dugu bizi behar izan ditugun krisien kontua", dio sindikatuak. "Mota guztietako krisiak izan dira: finantzarioak, belikoak, sanitarioak... Bakoitzak bere izena izan du, baina emaitza bakarra: irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu egiten dituzte; guk galtzen dugu eta haiek irabazten dute".
Langile klaseak, jasaten duen prekarietatearen aurka ez ezik, "hiltzen, arpilatzen eta zapaltzen gaituen sistema global baten kontra" ere egiten du, ESKren hitzetan: "Estatu Batuek eta Israelek ordena berria ezarri nahi digute, eta, horretarako, basakeriari eusten dioten bitartean demokrazia defendatzen dutela dioten gobernu eta potentzia handien konplizitate aktiboa edo isiltasun interesatua dute".
EHKS, "gerra inperialistaren aurka"
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Iruñean deitu du manifestazioa (12:30ean), "gerra inperialistaren" aurka. "Maiatzaren Lehena Langileon Nazioarteko Eguna da, eta inoiz baino premiazkoagoa da langileria berriro ere nazioarteko indar bilakatzea, gure etsaiei neurri berdinean aurre egiteko", dio EHKS-k. "Ameriketako Estatu Batuak eta Israel buru dituen Mendebaldeko oligarkia mundu erdia txikitzen ari da, eta beste erdia krisialdi betean sartzen. Guzti-guztia beraien interesak defendatzeko. Zehazki, manifestazio honetan NATOren, Europako Batasunaren eta sionismoaren kontra mobilizatuko gara. Horien guztien aurka eta alternatiba sozialistaren alde".
CCOO eta UGT: "Eskubideak eta ez lubakiak"
CCOO eta UGT sindikatuak elkarrekin mobilizatuko dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Eskubideak eta ez lubakiak. Soldatak, etxebizitza eta demokrazia lelopean. CCOOren hitzetan, nazioarteko testuinguruak eskatzen du AEBek eta Israelek eragindako legez kanpoko gerra eta Gazaren aurkako genozidioa salatzea.
CCOOk Europari eskatu dio "lozorrotik ateratzeko". Europak esku hartzen ez badu, giza eskubideak galtzaile aterako direla dio, eta eskubide horiek azpiratu eta etekin ekonomikoak lehenesten dituen estrategiak aurrera egingo duela. Sindikatuaren ustez, onura hori bera dago trantsizio energetikoa geldiarazteko eta erregai fosilekiko mendekotasunari eusteko ahaleginaren atzean: "Horren aurrean, autonomia estrategikoa indartzea eta energia berriztagarrien aldeko apustua bizkortzea defendatzen dugu".