Arabako Probintzia Auzitegian Maialen Mazonen garaiko bikotekideari hilketa delitua egotzi diote. 32 urteko emakumea haurdun zegoen hil zuenean –bikiak espero zituen–, eta aurkitu zutenean 2 urteko alaba zeukan alboan. Akusazioek 45 urteko kartzela zigorra eskatzen dute hiltzailearentzat; Zigor Kodeak baimentzen duen zigorrik handiena da.
2023ko maiatzaren 27an hil zuen Mazon, Gasteizko apartahotel batean; hurrengo egunean aurkitu zuten haren gorpua.
Maiatzaren 4an hasi da epaiketa eta hilaren 15era arte luzatuko da. Fiskaltzak eta akusazio partikularrek gertakariak gordin eta zehatz azaldu dituzte eta garaiko bikotekideari egotzi diote hilketa delitua, Berriak jaso duenez.
Herri epaimahai batek epaituko du erasotzailea. Akusazioek 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketagatik, zortzi urtekoa bi abortu delituengatik, eta lau urtekoa adingabe bat (2 urteko alaba) abandonatzeagatik. 45 urteko zigorra eskatu dute orotara. Genero indarkeria eta senidetasun lotura larrigarri gisa ere ebazteko eskakizuna egin dute.
Akusazioan jaso dutenez, garaiko bikotekideak, biktimaren kontrol ekonomiko eta soziala zuen, mugikorra, dirua eta egunerokotasuneko erabakiak berrikusten zizkion. Maiz eztabaidatzen zuten eta gizonezkoak iraindu eta fisikoki erasotzen zuen, fiskaltzaren esanetan “genero indarkeriaren ziklo klasikoaren barruan” gertatzen dena.
2023ko maiatzaren 19an Gasteizko hotel apartamenduan elkartu zirenean burutu zuen hilketa. Fiskaltzaren esanetan, emakumea lo zegoela hamahiru labankada eman zizkion gizonezkoak 2 urteko umea gelan zegoela eta bertatik alde egin zuen.
"Bi urteko neskato bat abandonatu zuen aitak hainbat orduz, bere bizitzarako arrisku bat sortuz", adierazi du familiaren abokatu Virginia Urtaranek, EITBren galderei erantzunez. Neskatoa bakarrik egon zen 18 orduz bere amaren gorpuaren ondoan, eta ustezko hiltzailea, neskato horren aita, tabernaz taberna ibili zen Gasteizen. Ondoren, taxi bat hartu eta Valentziara ihes egiten saiatu zen, baina Guardia Zibilak bidean atxilotu zuen, AP-68 autobideko ordainleku batean. "Akusazioek oso ondo azaldu beharko ditugu genero eta ahaidetasun astungarri horiek, baita testuingurua ere", gaineratu du abokatuak.
Sisteman huts egiteak
Espainiako Polizia Nazionalak espediente bat zuen irekita bikote horrekin lotuta, genero indarkeriagatik, eta Torremolinosko (Malaga) epaitegi batek agindua emana zuen gizona emakumearengandik urruntzeko, EITBk jaso duenez. Mazon "muturreko arriskuaren biktima" gisa agertzen zen genero indarkeria kasuen jarraipena egiteko estatuko sisteman (VioGen), baina Gasteizera itzuli zenean, Ertzaintzak "arrisku baxu" maila ezarri zuen, ohiko elkarrizketa baten ondoren. "Bi akats izan ziren", adierazi du Clara Campoamor elkarteko abokatu Cecilia Pirisek, "izan ere, Ertzaintzaren arriskuak antzemateko sistemak berak huts egin zuen kasu honetan".
Une hartan ez zegoen Espainiako Barne Ministerioaren eta Ertzaintzaren artean datuak gurutzatzerik, biktimak babesteko sistemaren "hutsune oso larriak" azaleratu ditu horrek, Pirisen hitzetan.
Bikotekidea itotzen saiatzeagatik, Donostian atxilotua
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du maiatzaren 1ean Donostiako etxebizitza batean, bikotekidea itotzen saiatzeagatik. Ertzaintzak jakinarazi duenez, telefono dei batek eman zien abisua, gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola. Patruilak etxera iritsi zirenean, erasotzailea etxeko gela batean zegoen, biktimaren gainean, hura ito nahian. Agenteek erasoa gelditzea eta konorterik gabe zegoen emakumea salbu jartzea lortu zuten.
Bestalde, Paueko auzitegian sexu indarkeriagatik eta jazarpen moralagatik Mauleko Chaumes gasnategiko langile ohia epaitu dute. Hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, gibelapenarekin, eta sexu erasotzaileak biltzen dituen FIJAIS fitxategian agertuko da Zuberoako gizonaren izena, nahiz eta berak eskatu fitxategi horretan ez sartzeko, Euskal Irratiek jaso dutenez.
Txantreako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute igandean Txantrean –Ahotsa.eus-ek bideoan jaso du–, festak hasi zirenetik izandako zenbait eraso salatzeko. Jakinarazi dutenez, erasoak auzoko hainbat espaziotan izan dira: eraso matxistak eta eraso transfoboak, hain zuzen ere. Erasoetako bat larria izan dela ere azpimarratu dute.