Zerk axola du inork kasu egiten ez dizunean? The debut (Debuta) Jesse Eisenbergek zuzendu eta idatzitako lana da. Bertan, Mona Friedman (Julianne Moore) da protagonista, familia aberatseko ama. Senarrak eta seme-alabek ez diote kasurik egiten: askotan, aurpegira ere ez diote begiratzen eta entzungor egiten diote, eta haientzat etxekoandrea soilik izango balitz bezala da. Guztiz baztertuta sentitzen denez eta galtzeko ezer gabe, antzerki amateur bateko audizio batera aurkeztu da, eta, sinesgaitza bada ere, rola bereganatu du.
Pelikulan, Mona antzezten ikasten eta pertsonaian sartzen ikusi dugu: pixkanaka, bere lehengo bizitza ahaztu eta alde batera uzten hasi da, eta bere pertsonaiaren itxura hartzen. Komedia aparta da; bestela, egin galde nire alboan eserita zegoenari, barrez lehertzen egon da pelikula osoan. Txiste originalak eta barregarriak ditu, protagonistaren antzezpen bikainak lagunduta; ez nintzateke harrituko sariren bat –agian, Oscarra– irabazten badu antzezpen honegatik. Aktore laguntzaileek ere lan bikaina egin dute, antzerkiko aktoreak balira bezala, protagonistaren delirioan laguntzaile direla.
Izan ere, Monaren delirio luze bat dirudi guztiak; Birdman eta Mulholland Drive (Mulholland Bidea) lanen antza hartu diot pixka bat: ez dugu inoiz jakingo zer den benetakoa eta zer ez, zer den Monaren irudimenak eta nahiek eraikia, eta zer benetan gertatzen dena. Istorioak hainbat egoera sinesgaitz aurkezten dizkigu, eta, Monaren karismari esker, irribarre eta algara artean ikusi dut pelikula osoa.
Monaren antagonista –baina, baita bidelaguna ere– Jerry Blankenbuehler (Paul Giamatti) antzerkiko zuzendaria da. Hasieratik figura mitiko bat izango balitz bezala aurkezten dute, ironikoki, antzerki amateur baten zuzendaria baita. Jerryren rola ere itzela da filmean, eta Giamattiren antzezlana, beti legez, paregabea. Bien arteko erlazio gris eta ziurgabetasunez beteak darama gidoia aurrera, ez dugu-eta jakingo zein den Jerryk Monarekin duen jarrera. Laburbilduz, Birdman-en elementu magikoez baliatuz eta Mulholland Drive-ren erokeria puntuari esker, asko merezi duen lana da .