Pasa den astean hizpide Munduko Kopa izan bagenuen, oraingoan lagun askorentzat xarma berezia duen kultura baten inguruan ariko gara hizketan, kultura zeltikoaz, alegia. Badirudi zelten jatorrizko kokagunea Alemaniako hego-mendebaldea izan zela. Bere lehen aztarnak K.a. 1200 urtekoak dira, Brontze Aroaren amaierakoak, eta K.a VII-VI mendeetan, Burdin Aroaren lehen aldian, Europan zehar (Galian, Britainiar irletan eta Iberiar penintsulan) hedatzen hasi ziren. Ondorengo mendeetan Italiara, Balkanetara, Greziara eta Asia Txikira sartu ziren, baina euren arteko batasun ezak eta erromatarren eta herri germaniarren lehen hedapenak (K.a III-I. mendeak) zelten gainbehera ekarri zuen. Atxiki zituzten azken lurraldeak Europako mendebaldekoak izan ziren eta gaurdaino bizirik iraun duten kultura zeltikoaren aztarnak herri horietakoak (
Irlanda,
Bretainia,
Eskozia,
Gales eta
Galizia) dira.
Iturria:
Harluxet hiztegi entziklopedikoa
MUNDU ZELTIKOA
Interneten kultura zeltikoari buruzko web gune ugari daude, jendearengan pizten duen miresmenaren seinale. Orri horien guztien artean aberatsenetarikoa
"Celtic World" da. Gaika antolaturiko makina bat helbide interesgarri biltzen du, eta guk horietako batzuk bisitatu ditugu. Horrela,
Jim Fitzpatrick artista dublindarra eta
Riboulat musika talde bretainiarra ezagutu ditugu,
irlandar kondaira zoragarriak irakurri ditugu,
Lorienteko Jaialdiaren berri izan dugu... Bestalde, aurrez aipaturiko leku horiez gain, herri zelta gehiago badirela ere jakin dugu:
Kornualles (Ingalaterrako hego-mendebaldeko eskualdea,
Arturo Erregearen kondairaren eszenatokia),
Man irla (Irlandako itsasoan, Britainia Handiaren menpe) eta
Asturias.
"Celtic World" web guneak biltzen duen edukiaren zati handi bat ikusi ez dugun arren, beste orri batzuk begiratzea erabaki dugu. Lehenengo
"Celtic art & culture" izeneko gunea bisitatu dugu. Bertan, dozenaka monumentu, eraikin eta objekturen argazkiak topatu ditugu, eta baita eurei buruzko azalpenak ere. Gainera, hainbat gairi buruzko idazlanak ere irakurri ahal izan ditugu,
emakumezko druidek herri zeltikoetan zuten indarraz mintzo dena kasu. Jarraian
"Celtic Heart" web gunean sartu gara. Hamaika ataletan banaturik dago, eta besteak beste, kondaira eta heroi zeltak ezagutzeko aukera ederra eskaintzen du.
Amaitzeko, hona hemen kontsultatu ditugun beste web gune batzuk:
Càit a bheil mi agus cò sgrìobh seo?: Batez ere hizkuntza gaelikoari buruz berba egiten duen arren, kultura zeltikoari buruzko edukiak ere jasotzen ditu.
Ceolas: Musika zeltikoari buruzko web gune aberatsa da honako hau.
Celtic Connections: Hainbat herrialderi buruzko loturak proposatzen ditu.
Celtic Connections II: Besteak beste, "Mitologiari buruzko argazki galeria" bat dauka.
Aon: Ikonografia zelta oinarri hartuta makina bat artelan egiten duen Cari Buziak artistaren orrialdea.
Celtic.com: Objektu ugari salgai dituen denda birtuala.