Nicolás Maduro presidentearen GPPSB Simon Bolivar Polo Patriotiko Handiak irabazi ditu hauteskundeak Venezuelan. %67ko zifra eman dute botoen %82 zenbatuta zegoela. Aliantza Demokratikoa koalizioak botoen %18 eskuratu du. Juan Guaidó oposizioko kideak hauteskundeetan parte ez hartzeko deia egina zien herritarrei.
Venezuelako herritarren %31k hartu du parte, 5,2 milioi hauteslek. 20,7 milioi venezuelarrek zuten botoa emateko eskubidea.
Aliantza Demokratikoa koalizioak eskuratu ditu bigarren boto gehien (%18). Venezuela Batuak botoen %4 lortu du eta Venezuelako Alderdi Komunistak %2,73.
Madurok adierazi du bere kargua berretsi dela hauteskunde hauetan eta demokraziaren garaipen handia izan dela, “zalantzarik gabe”.
Juan Guaidók iruzurtzat jo ditu hauteskundeak. Astelehenetik (abenduak 7) larunbatera (abenduak 12) arte euskarri digitalen bidez kontsulta antolatua du Maduroren aurkako jarrera erakusteko.