Donald Trumpek ahoa noiz zabalduko dago zain mundu osoa, herrialdeen loterian nori egokituko hurrengo inbasioa. Nicolás Maduro bahitu eta Venezuelako Gobernua bere men jarrita, beste zenbait herrialde eta lur eremu ibili ditu ahotan Trumpek: Groenlandia, Mexiko, Kuba... Baina gertatuko dena aurreikusten zail dago, aurreikusten ezinezkoa den presidenteak baitarama Mendebaldearen lema.
2025 urte amaiera eta 2026 hasiera bereziki arantzatsuak izaten ari dira geopolitikarako. Mendebaldeko Hemisferioa deritzona borborka ari da urtarrilaren 3an Nicolás Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenetik; baina ezinegona ez da hainbeste herrialde horri lotua, gerora etorri litezkeenei baino. Alegia, Venezuelako Gobernua ustez kontrolpean, kanpo injerentziekin jarraituko duela hitz eman du Trumpek, eta zenbait herrialderi abisua pasatua die: berriena bere hegoaldeko bizilaguna, Mexiko, izan da. Eta ez da kasualitatea: hemisferioko BPG altuenetakoa izateaz gain, lur azpi aberatsa baitu mineral eta lur arraroetan. Eta, batez ere, AEBekin bat ez datorren presidentea du gobernuan: Claudia Sheinbaum. Horrek bere kondena sinatu dezakeen ikusteko dago, baina AEBetako presidenteak jada ohartarazi du herrialdea, narkotrafikoa aitzakiatzat jarrita.
Izan ere, narkotrafikoa da hitz magikoa hemisferio horretan. Kokainaren esportazioak eta kontsumoak ardazten duen kontinentean, bere aurkako borrokak edozein eraso eta politika zilegi egiten duela dirudi. 2025 osoan Venezuelaren aurkako erasoak aitzakia horren harira izan dira, bazirudien inbasioa bera ere horren harira argudiatuko zuela –Irak inbaditzeko suntsipen armak aitzakia izan ziren moduan–; baina Maduro bahitu hurrengo orduetan emandako hitzaldian argi eta garbi mintzatu zen Donald Trump eta ez zuen bere benetako nahia ezkutatu. Petrolioa nahi zuen, munduko erreserba handiena AEBen esku ez egoteak eragin zuen inbasioa.
Inbasioaren kondenak heltzen hasi ziren, eskualdeko presidenteen ahotik gogorrenak; aipagarria da Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak hartu duen jarrera gogorra –bi presidenteek asteazkenean izandako deiak bien arteko tentsioa baretu du, ez baitziren aditu gutxi Trumpek Petro boteretik kentzeko asmoa zuela baieztatzen zutenak–. Europako presidenteen ahoetan lotsatiagoak izan dira, espektro zabalagoan, agian. Hurrengo biktimaren izena ahoskatzean, ordea, asaldatu dira europarrak, Groenlandia, ofizialki Danimarkako erresumaren parte den lurraldea, baitu begiz joa Trumpek. Han jada ez zen ez narkotrafiko ez eraso, uharte erraldoi eta izoztu hark dituen petrolio eta gas erreserbak nahi dituzte AEBek, aurretik ere esana zuten moduan. Adierazpen horiekin amaitu dira erreakzio lotsatiak, eta Europako buruzagiek erreakzionatu dute, zorrotzen, ezin bestela, Mette Frederiksen-ek, Danimarkako lehen ministroak; gogorarazi baitio NATOko kideen arteko inbasio batek erakundea desagerraraziko lukeela.
Kuba ere entzun da AEBetako agintariaren ahotan. Karibeko uharteak, ordea, gutxi du eskaintzeko Trumpi: isunez isun pobretutako ekonomia hark apenas eusten dion bere biztanleen bizi mailari. Gainera, bere aliatu nagusia, Venezuela, galdu berri du uharteak, eta petrolio sarbiderik gabe geratzekotan da uhartea. Hori horrela, nazioarteko adituek baztertu egin dute Kuba inbaditzearen aukera; errazago ikusten dute “uhartea hiltzen” uztearen aukera –azken mende erdian egin izan duen gisan, bestalde–. Alegia, Kuba erortzeak gehiago duela sinboliko eta politikotik ekonomikotik baino.
Munduko potentzia handiek zer egingo duten ikusteko dago. Dagoeneko Errusia eta Txina atera dira Venezuelako inbasioa salatzen; azken horrek, Asiako erraldoiak, erosten zuen Venezuelako petrolioaren %80. Eta Asiako erraldoiak eta Amerikako erraldoiak izana zuten, aurretik ere, lehen liskartxoa, horrela esan badakioke, Panaman: Ozeano Atlantikoa eta Pazifikoa batzen dituen kanalean asiarraren presentzia eta influentzia areagotzen hasia zenez, ultimatuma eman zion Trumpek José Raúl Mulino Panamako presidenteari. Baina Erdialdeko Amerikako herrialdeak aurrekari garrantzitsua du Noriegarekin, eta inor gutxik nahiko luke hari egokitu zitzaion patua. Beraz, Panama eta Venezuela “galdu” dituzte ekialdean dauden bi potentzia nagusiek, Latinoamerikan beste aliaturik badute ere (Txinak Nikaraguan hamarnaka meatzaritza lizentzia lortu ditu, adibidez), bi herrialde garrantzitsu galdu dituzte. Dena dago ikusteko, beraz.
Eta dena hasi zen lekura itzulita, Venezuelara, hain zuzen, orduz ordu ari dira sortzen albiste berriak. Herrialdeko buruzagia New Yorkeko fiskaltzan deklaratzen ari zela, presidente berria izendatu zuten herrialdean; nazioarteko aditu gutxik aurreikusiko zuten Delcy Rodríguezek hartuko zuela boterea, orain arteko presidente orde eta, besteak beste, Petrolio ministro izandakoak. María Corina Machado zen, zantzu guztien arabera, Trumpek aukeratuko zuen presidentea, baina hasiera-hasieratik baztertu zuen aukera hori, Venezuelan “ez babesik ez errespeturik” ez zuela argudiatuta. Rodríguezek, bere aldetik, gogor kondenatu zuen, hasieran, Maduroren bahiketa; ordu gutxira, ordea, lankidetzarako prest zegoela adierazi zion Trumpi; eta horrek baztertu egin du bigarren eraso bat egitea Venezuelan, hango gobernuak zenbait preso askatu eta gero.
Bien bitartean, Machadori egindako keinu zabarra eta gero, “datorren asteko egunen batean” berarekin bilduko dela jakinarazi du Trumpek, eta horretarako gogotsu dagoela; gehitu du eskainiz gero, gustura hartuko lukeela venezuelarrak irabazitako Bakearen Nobel Saria. Zeren, azpimarratu behar da zenbait hedabidek kaleratu dutela AEBetako presidenteak Venezuelako oposizioko liderrarekiko duen jarreraren atzean egon litekeela horri eman ziotela saria eta ez Trumpi.
Egun nahasiak bizi ditu munduak. 2026ak, bederatzi egun soilean, lortu du alarmak piztu, itzali eta berriz piztea. Zer gertatuko den jakitea Trumpek beste jakitea da, eta hori inor gutxik lortu dezake; aurreikusten ezinezkoa den presidenteak geopolitikarekin swing dantzan diharduela baitirudi. Eskerrak apustu etxeetan ez den geopolitikaz hitz egiten, bestela hortxe legoke negozio emankorrena.