Venezuelako Barne eta Justizia ministro Diosdado Cabellok jakinarazi duenez, "oraingoz" 100 hildako identifikatu dituzte eta beste 100 pertsona zauritu ziren AEBek urtarrilaren 3an egindako erasoan. Soldadu estatubatuarrek Venezuelarekin loturiko beste bi petroliontzi atzeman dituzte, horietako batek bandera errusiarra dauka.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta bere emazte Cilia Flores bahitu eta herrialdetik ateratzeko operazioa, "balentria militar" gisa deskribatu zuen Donald Trump AEBetako mandatariak urtarrilaren 3ko biharamunean. Baina egunak aurrera joan ahala, eraso odoltsu bat izan dela baieztatzen duten datuak gero eta gehiago dira.
Trumpek "balentria militar" gisa deskribatu zuen Maduro harrapatzeko urtarrilaren 3ko operazioa. Baina egunak aurrera joan ahala, eraso odoltsu bat izan dela baieztatzen duten datuak gero eta gehiago dira
Azken orduko informazioa Venezuelako Barne eta Justizia ministro Diosdado Cabellok eman du: "Oraingoz, 100 hildako daude, eta beste hainbeste zauritu, hori da egia, eta ez du inork estaliko", azaldu du telebista aurrean, CNNren espainiar kateak jaso duenez.
Cabellok azaldu du hildako horietako batzuk zibilak zirela: "Gatazka batekin inolako zerikusirik ez duten pertsonak hil dira (...), euren etxeetan zeuden pertsonak, gure herrialdearen kontra jaurtitako bonbek harrapatu dituzte –gaineratu du–. Ikaragarria izan da gure herrialdearen kontrako erasoa".
Venezuelako Gobernuak zazpi eguneko dolu nazionala ezarri du. Gainera, Gramma egunkariak jakitera eman duenez, hildakoen artean 32 militar kubatar ere badaude, Maduroren segurtasun taldekoak, eta Kubako Gobernuak bi eguneko dolua ezarri du "eroritako martirien" alde.
Beste bi petroliontzi atzemanda
AEBek Venezuelari lotutako beste bi petroliontzi abordatu eta atzeman dituzte azken orduetan Ipar Atlantikoan eta Karibe Itsasoan. AEBetako Barne Segurtasun idazkari Kristi Noemek adierazi duenez, Venezuelatik abiatu ziren edo hara zioazen "itsasontzi fantasmak" dira eta Trump presidentearen baimenarekin egin dira abordajeak.
Horietako batek, Bella 1 izenekoa, asteak zeramatzan estatubatuar armadak Venezuelako petroliontziei ezarritako setiotik ihesean. Izenez aldatu zuen –Marinera izatera igarota– eta abordatzerakoan errusiar bandera zeraman.
Abenduaren 24an Errusiak behin behineko baimena eman zion petroliontziari bandera hori eramateko eta, The Wall Street Journal-en arabera, urpekontzi bat zuen bidalita hura babestera. Errusiako Garraio Ministerioak nazioarteko zuzenbidea urratzea egotzi die AEBei.
Bella 1-ek asteak zeramatzan estatubatuar armadak Venezuelako petroliontziei ezarritako setiotik ihesean. Izenez aldatu zuen –Marinera izatera igarota– eta abordatzerakoan errusiar bandera zeraman
AEBek zer asmo Venezuelarentzat?
Maduroren bahiketaren ostean, asteartean Delcy Rodríguezek Venezuelako jarduneko presidente karguari zin egin baino lehenago, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak Trumpen administrazioak herrialde horretarako dituen asmoak iragarri zituen.
AEBek "hiru faseko" plan bat dute Venezuelarentzat: lehenik eta behin hango petrolioa jasotzen dutela ziurtatzeko fasea –30 eta 50 milioi upel artean hitz eman dizkio Venezuelako jarduneko gobernuak, bere esanetan–; gero etorriko litzateke "egonkortasun" fase bat, zeinean negozioa bermatzeaz gain "adiskidetzeaz" ere hitz egiten den, eta azkenik "trantsizio fasea" egongo litzateke.
AEBek "hiru faseko" plan bat dute Venezuelarentzat: lehenik eta behin hango petrolioa jasotzen dutela ziurtatzeko fasea dago
Gainera, petrolioaz gain, Venezuelari exijituko dio hautsi ditzala harremanak Errusiarekin, Iranekin, Txinarekin eta Kubarekin. Txinak, bere aldetik, salatu du AEBek indarra "lotsagabeki" ari direla erabiltzen herrialde burujabe baten baliabide naturalak ustiatzeko.